Sariak aitortu du Garapen Jasangarriaren Helburuek metroaren eguneroko kudeaketan duten integrazio aurreratua
Edizio honetan, zazpi erakunde soilik iritsi dira maila gorenera
Metro Bilbaok Euskadi Agenda 2030 Sariaren ‘Aurreratua’ izeneko aitortza jaso du Gizarte Berrikuntzaren teknikaria den Garazi Carranzaren eskutik; saria atzo banatu zen, Bilboko Euskalduna Jauregian, Lehendakaritzako Berrikuntza Sozialaren eta 2030 Agendaren Zuzendari Asier Aranbarri buru izan zuen ekitaldi batean.
Aitortza horrekin, Metro Bilbao kokatu da sariaren bigarren edizio honetan maila gorenera iritsi diren zazpi erakundeen artean. Sariak aitortzen du Garapen Jasangarriaren Helburuek (GJH) erakundeen kudeaketan duten integrazio maila, lehiakortasun jasangarriaren palanka gisa.
Lehendakaritzako Komunikazio eta Berrikuntza Sozialaren Idazkaritza Nagusiak bultzatuta, Euskadi Agenda 2030 Sariaren helburua da erakundeek GJHekin duten konpromiso eragingarria sustatzea eta bistaratzea, konpromiso hori ikuspegi egituratu batetik hartuta eta parte hartzen duen erakunde bakoitzak garatzen duen jarduerarekin bat etorrita.
Zehazki, eta Metro Bilbaok garraio publiko jasangarriaren arloan garatzen duenez bere jarduera, hori lagungarria da mugikortasun eraginkorrerako, isurketen murrizketarako eta hiri-inguruneko bizi-kalitatearen hobekuntzarako, bere kudeaketa-eredua garapen jasangarriaren printzipioekin lerrokatzen baititu.
Guztira, tamaina eta sektore desberdinetako 102 erakundek jaso dituzte Euskadi Agenda 2030 Sariaren aitortzak: 7 erakundek ‘Aurreratua’ deritzan mailarekin, 16 erakundek ‘Bidean’ aitortzarekin, eta 64k ‘Konpromisoa’ mailarekin. Gainera, Eraldatu ekimenak bultzatutako 7 ‘Eragin’ sari banatu ziren, eta sari hauetako lehenengo edizioan ‘Aurreratua’ maila lortu zuten erakundeen 8 jardunbide egoki aitortu ziren.