Erakundeak kirol-hastapena eta gorputza-jarduera bultzatzen ditu aniztasun funtzionala duten pertsonen kolektiboan
Metro Bilbaoko zuzendari nagusi Eneko Arruebarrenak txeke sinboliko bat eman dio gaur, Moyua geltokian, Haszten erakundeko koordinatzaile nagusi Pablo Hernándezi, Underrunerako izen-emateei esker bildutako 5.675 euro solidarioekin. Kirol-probaren hirugarren edizioa martxoaren 29tik 30erako gauean egin zen, eta metroaren 30 urteurrenaren kariaz bi distantzia desberdin izan zituen.
Underrunek -lasterketa berezienetako bat- arrakasta nabaria lortu zuen berriz ere, parte-hartze eta antolaketa aldetik, eta horri probaren izaera solidarioa gehitzen zaio. Haszten elkarteko koordinatzaile nagusiak eskertu egin du jasotako ekarpena, eta azpimarratu du funtsak lagungarriak izango direla elkartea osatzen duten pertsonen bizi-kalitatea hobetzeko -erakundeak hamar urte baino gehiago daramatza jarduera fisikoa eta kirol hastapena bultzatzen aniztasun funtzionala duten pertsonen artean-. Bizkaian kokatuta, erakundea bat dator Metro Bilbaoren balioekin, bai honek garraio publiko gisa betetzen duen eginkizunagatik eta bai gero eta inklusiboagoa eta integratzaileagoa den mugikortasunaren alde adierazten duen bokazioagatik.