Datorren  abenduaren 22an, bereziki apaindutako unitate batek zenbait joan-etorri egingo ditu Kabiezes eta San Ignazio artean, eta haurrentzako jarduera ugari eskainiko ditu tren barruan. 

BBK eta Kutxabank erakundeek lagunduta, ekitaldia heldu batek lagundutako txikientzat pentsatua da, doan izango da eta 1.200 plaza baino gehiago eskainiko ditu zozketa bidez.  

Metro Bilbao buru-belarri ari da 30. urtebetetzea ospatzeko ekitaldiak prestatzen, eta, Gabonak gainean ditugula ikusirik, txikientzat pentsaturiko jarduera bat antolatu du: bidaia magiko bat egingo dute trenez eta zenbait jardueraz gozatu ahalko dute, Olentzerorekin eta Mari Domingirekin batera. 

BBK eta Kutxabank erakundeek lagunduta, ‘Gabonetako Trena’ doako jarduera gisa pentsatua da, eta, Eguberritako jardueren testuinguruan, metroaren bezero txikienek (12 urtera arteko neska-mutilek, alegia) ilusioz betetako bidaia desberdin batez gozatuko dute, Gabonetako magiarekin girotuta. 

Ekimena abenduaren 22an izango da (astelehena), eta ibilbide tematiko batez disfrutatu ahalko dute Kabiezes eta San Ignazio artean. Parte-hartzaileekin batera izango dira galtzagorriak, eta Olentzero eta Mari Domingirekin batera bidaiatuko dute ibilbide osoan zehar. Hala, zenbait jarduera eskainiko dituzte, guztiak ere dohainik. 

Askotariko ekintzak daude aurreikusita, hala nola aurpegi-margotzaileak, ebakigarriak, mimo- eta magia-ikuskizunak, ipuin-kontalariak, Olentzerori eta Mari Domingiri gutuna idazteko txoko bat... Azken batean, antolatutako jarduera horiek Gabonetako esperientzia polit bilakatuko dute ordubete inguruko ibilbide hori. 

‘Gabonetako Trenerako’ 1.200 plaza baino gehiago eskainiko dira. Aldez aurretik izena eman behar da, eta zozketa bidez esleituko dira plazak. Haurrentzat ahalik eta leku gehien uzteko, heldu bakar batek eman ahalko du izena inskripzio bakoitzeko. Heldu bakoitzak gutxienez adingabe bati lagundu beharko dio, eta gehienez hiruri. 

“Modu berezian ospatu gura ditugu data berezi hauek, eta agerian uzten dugu familiekin eta bezero gazteenekin dugun konpromisoa. Ildo horretan, Gabonetako magia ekarri nahi diegu, ingurune seguru, doako eta irisgarri batean”, adierazi du Eneko Arruebarrena Metro Bilbaoren zuzendari nagusiak. 

Ibilbidea Kabiezesen hasiko eta amaituko da, eta guztira sei joan-etorri egingo dira egunean zehar. Dena den, izena ematen dutenek ordu bakarra aukeratu beharko dute zozketan parte hartzeko. 

Oinarri guztiak www.gabonetakotrena.eus webgunean egongo dira eskuragarri, eta izena emateko epea azaroaren 17tik 23ra egongo da zabalik. Eskainitako plazak baino hautagai gehiago baldin badaude, zozketa egingo da, eta irabazleek (guk geuk jakinaraziko diegu irabazi dutela) abenduaren 1a baino lehen formalizatu beharko dute inskripzioa. 

field_imagen_press
Metro Bilbao se engalanará como el ‘Tren de la Navidad’ para ofrecer un viaje mágico en compañía de Olentzero y Mari Domingi
Fecha de publicación