Barakaldoko gazte bat izan da, ohiko erabiltzailea, eta metroa duen Europako hiri baterako bidaia, bi pertsonentzat eta lau egunetarako, jaso du sari modura
Balioztatze sinboliko hori Gurutzeta/Cruces geltokian erregistratu zen abenduaren 30ean, urteko azkenaurreko egunean, 16:14an
Urtean 100 milioi balioztatze lortzea ez da erronka erraza garraio operadore batentzat. Metro Bilbaok 2024an lortu zuen lehen aldiz eta ospatu nahi izan du bidaia horren sinbolikoa egin zuen pertsonarekin batera: Borja Villada. Barakaldoko 36 urteko gaztea, hain zuzen, bere txartela Gurutzeta/Cruces geltokian balioztatu zuena abenduaren 30ean, 16:14an, sinatu zuen zifra berezi horren gainean orduan inolako susmorik izan gabe. “Niretzat metroan egiten ditudan bidaia askotariko beste bat baino ez zen izan”, azaldu du.
Bere lanpostura joateko metropoliko trena egunero hartzen duten milaka pertsona horietako bat da Borja. Atezain gisa aritzen da hainbat komunitatetan, eta egunean hainbat bidaia egiten ditu. Beraz, aspaldi erabaki zuen bere Barik txartela pertsonalizatu eta hileko bono mugagabea eskuratzea. “Horrela, metroan ibil naiteke aisialdirako komeni zaidanean ere, bidaia kopuruarekin kezkatuta egon beharrik gabe” argudiatu du.
Joan-etorri asko, gehiegi agian, baina joan den abenduaren 30ekoa bezain berezirik bakarra ere ez. “Kasualitate hutsa! 100 milioi bidaia, eta niri egokitu”, dio pozarren pozez protagonistak, superstizioso ez dela aitortuz. “Sekula ez naute erakarri loteriak, ezta ausazko jokoek; dena den, ikusitakoak ikusita, agian birpentsatu egin beharko dut”, adierazi du umoretsu. Ez da gutxiagorako. Bera izan da protagonista, eta pozik zegoen. Metro Bilbaok bere bidaia sinbolikoa aitortu nahi izan du, txartela balioztatu zuen Gurutzeta/Cruces geltokian bertan ekitaldi xume bat eginez. Han, protagonistak tarta oroigarri baten kandelei putz egin die, eta enpresaren eskutik bi opari jaso ditu: jantzi korporatibo bat eta bi pertsonentzako lau eguneko bidaia metroa duen Europako hiri batera. “Milan aukeratu dugu, baina oraindik ez dugu data zehaztu”, argitu du, bere bikotekidearekin negoziazio prozesuan murgilduta.
Sinbolikoena izan arren, gogoratu behar da Borjaren bidaia Metro Bilbaok 2024an erregistratu zituen 100,3 milioi balioztatzeen artean bat gehiago besterik ez zela izan. Zenbaki horrek %8,6ko igoera ekarri zuen aurreko urtearekin alderatuz, eta errekor historikoa azaroan hiru hamarkada beteko dituen metropoliko trenarentzat. “Gero eta garrantzitsuagoak gara elkarlotzen laguntzen dugun metropoliaren bizitzan. Eta horrelaxe izaten jarraituko dugu. Urteko 365 egunetan bidelagun ditugun bidaiarien ordezkaria da Borja. Gure zerbitzuak eskatzen eta balioesten dituzten horietako bat”, laburbildu du amaitzeko Metro Bilbaoko zuzendari nagusiak, Eneko Arruebarrenak.