Bilbo, 2023ko azaroaren 17an
BBK Mendi Film Bilbao Bizkaia jaialdiaren 16. edizioaren harira, Yhabril Moro argazkilariak kanpoaldean egindako lan batzuk erakutsiko ditu, tamaina handian, Metro Bilbaoko hainbat geltokitan. Moyua (Diputación sarbidean), Indautxu (Urquijo) eta Santimami/San Mamés (Luis Briñas) geltokietan egongo da erakusketa abenduaren 30era arte, eta Zazpikaleak/Casco Viejo (San Nikolas) geltokian abenduaren 1era arte, Abandora (Berastegi) iritsi baino lehen.
Gonzalo Bartolomé Tierra (Bilbo, 1978), kanpoaldean egindako argazkilaritzaren munduan Yhabril Moro ezizenaz ezaguna, abentura, ekintza kirol, fauna eta, oro har, naturaren zale amorratua da. Bere burua “lunatikotzat” hartzen duen kontrasteen argazkilari bat.
Hamarraldi batez lan egin ondoren, duela hiru urte Huescako Pirinioetan dagoen Villanua herrira bizitzera joateko erabakia hartu zuen, urte osoan zehar lantoki duen inguruarekin mimetizatuta egon ahal izateko. Nazioartean ospe handia duten sari eta aipamen asko irabazi ditu, mundu mailako argazkilari sonatua izateraino. Azken urteotan, bere irudi asko biral bihurtu dira, eta nazioartean kanpoaldeko munduko argazkilari onenen artean dago.
Mendi Film 2023ko kartel ofiziala ilustratzen duen ‘X-Man’ argazkiaren egilea da, sari hori CVCEPHOTO mendiko jardueren nazioarteko argazki lehiaketan irabazita. Nazioarteko erakusleiho nagusietako bat da berarentzat, eta, beste aipamen berezi batzuen artean, Yhabrilek iazko sari nagusia irabazi zuen han ‘Young Gun’ lanarekin.
“Mendiko argazkiak ikusarazi dit zein txikiak garen, zenbat kostatzen den aurreikusitako orduan planifikatutako lekura iristea, eta, horren ondorioz, lozorroan segi beharrean jaiki egiten naiz, tximiniaren beroa goi-mendiko hotzagatik aldatzen dut, mendiak ekipo astunez beteta eskalatu ditut antisozialtzat jo naute maiz, arrisku handiak hartu izan ditut, orduak eman ditut laino artean ibiltzen, euripean, elurragatik, izotzagatik, gauez... Gauza askori uko egin behar izan diet nire ekipoa handitzen jarraitzeko, baina horrek guztiak ez dit axola, naturak ematen dizkidan uneez gozatzeko aukera izaten baitut”.
Bere unerik onena
Erakusketaz gain, BBK Mendi Film Bilbao Bizkaiak ikasgai magistral bat eskainiko du abenduaren 16an, larunbata, Euskalduna Jauregian, 09:00etatik 14:00etara.
Yhabril bere unerik onena bizi duen artista da. Argazkilari gisa izan duen bilakaeraz, bere metodo eta plangintzez, argazkigintza bizitzeko moduaz eta ordenagailuaren aurrean duen lan egiteko eraz hitz egingo du. Naturazale den edonori zuzendutako ikasgai magistral dinamikoa izango da, irudi bereziak nola lortu ez ezik, horien atzean dauden istorioak ere bertatik bertara ezagutu nahi dituenarentzat. Urte gutxitan espezializazio handia lortzeko trikimailuak zeintzuk izan diren kontatuko du Yhabrilek.
20 panelen bidez, abentura irudiak, ekintza kirolak eta natura, oro har, erakutsiko ditu argazkilariak
Abenduaren 16an ikasgai magistral bat eskainiko du Euskalduna Jauregian