Santimami/San Mamés geltokiko intermodalak ia 54 metroko luzera eta 2,5 metroko altuera dituen obra koloretsu bat erakusten du; komiki baten antzeko estetikarekin, obra horrek metroa egunero erabiltzen duten pertsonen aniztasuna islatzen du
Lehengo aldia da Metro Bilbaok horrelako elementu bat instalatzen duena, eta efemeridea ospatzeko ekitaldiak amaitu arte utziko du jarrita
Metro Bilbaok Santimami/San Mamés geltokiko intermodala eraldatu egin du, esparru horretan ia 54 metroko luzera eta 2,5 metroko altuera dituen horma-irudi bat jarriz, edozein geltokitako egun arrunt bat izan litezkeena islatzeko asmoz. Instalazio hori bere 30. urteurrena ospatzeko xedez metroak abiatu dituen ekimenetako bat da; bere bezeroen aldeko omenaldi bat da, eta baita bere historian zehar haien aldetik jaso duen konfiantza eskertzeko modu bat ere.
“Horma hau Metro Bilbaoren bezeroei zuzendutako esker oneko mezu bihurtu da gaur, konpartitzen dugun 30 urteko historiagatik, eta hiru hamarkada hauetan elkarren artean sortu dugun loturagatik. Gaur egun, inork ere ez luke Bizkaia Metro Bilbao barik ulertuko. Eta Metro Bilbao ez litzateke ulertuko, eta ez litzateke gauza bera izango, egunero gure trenetara igotzen diren eta gure geltokiak bizitzaz betetzen dituzten milaka pertsonak kontuan hartu gabe”, adierazi du Eneko Arruebarrenak, metroko zuzendari nagusiak. “Trenak, ordutegiak, geltokiak, trenbideak… Horrek guztiak osatzen du gure egunerokotasuna. Baina Metro Bilbao zerbait gehiago ere bada; bere bezeroak ere badira, bereziki, haien bizitza gurekin egunero konpartitzen duten pertsonak. Pertsona horiek dira, hain zuzen ere, Metro Bilbaoren aurpegia, begiak eta arima”, azpimarratu du.
Horma-irudia metalezko egitura batez horman finkatuta dauden PVC-xafletan inprimatuta dago, eta bere ia 54 metroko luzeran marrazkia eta Metro Bilbaoren 30. urteurrenaren logoaren irudikapen gorpuzdun bat uztartzen ditu. Komikiaren antzeko estilo grafiko batez eginda dago, baina eszena bakar batean. Bertan, Sarriko geltokia erreproduzitzen da, hainbat kolektibotako pertsonez betea, Metro Bilbaoren ohiko bezeroen aniztasuna islatuz. Hala, geltokiko nasetan agertzen dira, besteak beste, athleticzaleak, herri-jai batera doazen kuadrillak, euren seme-alabekin futbol-entrenamendu edo -partida bera doazen familiak, antzerkira edo operara doazen bikoteak, unibertsitatean ikasten duten gazteak, kontzertuetara joaten direnak… Eta, batez ere, zerbitzu hori euren ikastetxe edo lantokira joateko erabiltzen duten pertsonak.
Formatu handiko ilustrazio hau intermodalean jarrita egongo da -berau sare osoan pertsonen joan-etorri gehien hartze dituen puntuetako bat da- metroaren 30. urteurrena ospatzeko ekitaldiak amaitu arte.