80 pertsona inguruk Basarrate eta Ansio arteko 10,2 kilometroko ibilbide berezia egin zuten; 180 inguruk, ordea, Moyuatik abiatu ziren ohiko luzera, 7,8 kilometrokoa, betetzeko.
Inskripzio solidarioarekin bildutako diru guztia Haszten elkarteari emango zaio dohaintzan.
Kirol munduko pertsona ospetsuak hartu zuten parte lasterketan, erbi moduan: Carlos Gurpegi, Janire Fragua, Aitzol Atutxa, Aitziber Juaristi edo Aritz Erkiaga, besteak beste.
Underrun lasterketaren hirugarren edizioak beste behin bihurtu zuen metroaren ibilbidea oso ohikoa ez den kirol agertoki, eta 250 korrikalari baino gehiago bildu zituen gaueko esperientzia original batean. Gogoan izan behar da 210 dortsal zozketatu zirela eta, horiez gain, pertsonai ospetsuak hartu zutela parte, erbi moduan. Baita talde handia ere Metro Bilbaoren izenean.
Korrikalari guztiak Ansion deitu zituzten eta handik, berariaz prestatutako metro batean, eta eguneko zerbitzua amaitu ondoren, probaren bi irteera geltokietara joan ziren: Basarratera, ibilbide luzea aukeratu zutenak (10,2 kilometro) —hori izanik nobedade handia eta esklusiboa edizio honetan, 30. urteurrena dela eta—, eta Moyuara, laburra aukeratu zutenak (7,8 kilometro). Parte hartzaile guztiek probarako eman zitzaien kopeta-argia eta bakoitzak aukeratutako distantzia kolorearen arabera bereizten zuen dortsala soinean zituztela egin zuten bidaia.
Gaueko 00.30ak pasata zirela eman zion hasiera ofiziala Metro Bilbaoko zuzendari nagusia Eneko Arruebarrenak, bera baitzen lasterketa abian jartzen zuen sakagailuari eragiteko arduraduna. Eta Moyuan egin zuen hori, aurtengo edizioko distantziarik laburrena betetzera zihoazenekin. Aldi berean, Carlos Gurpegik egin zuen irteteko seinalea Basarraten, irten aurretik berotzen ari ziren korrikalarien begiradaren aurrean. Abian zen Underrun lasterketaren hirugarren edizioa eta, harekin batera, abian zen taldeen irteera mailakatua. Talde batetik bestera bi minutuko kadentzia mantenduz, bata bestearen atzetik irten ziren, eta haien artean zeuden kirolaren munduko pertsona ospetsuak ere. Carlos Gurpegi, Naia Zubiaga, Janire Fragua, Dani Álvarez, Aritz Erkiaga, Xabier Madariaga, Alazne Aurrekoetxea, Aitziber Juaristi edo Aitzol Atutxa izan ziren aurtengo edizioko erbiak bart gauean.
Bitartean, Metro Bilbaoko langileak tuneletan banatuta zeuden korrikalariei laguntzeko eta lasterketaren arrakasta bermatzeko. Ansio zen amaierako puntua eta 01:30ak aldera hasi ziren ailegatzen probaren lehen parte hartzaileak: lasterketak ez du izaera lehiakorrik, baina hain ibilbide berezia duenez, esperientzia paregabea eskaintzen die korrikalariei.
Helmugan, zain zituzten Amaia Del Campo Barakaldoko alkatea eta Metro Bilbaoko zuzendari nagusia, zeinak domina sinbolikoak eman baitzizkieten parte hartzaile guztiei. Denborez harago, berririk onena izan zen lasterketa gertakari aipagarririk eta lesio nabarmenik gabe garatu zela.
Lasterketa amaitu ondoren, parte hartzaileek indarberritzeko aukera izan zuten Ansion, Metro Bilbaoko langileak trenbideen ohiko baldintzak gaurko zerbitzurako berrezartzeko lanean ari ziren bitartean.
Aurreko edizioan gertatu zen bezala, Underrun lasterketak bere alde solidarioari eutsi zion eta bildutako diru guztia Haszten elkartera bideratuko da, kirol inklusiboa eta egokitua sustatzen diharduen elkartera.