Bizkaiko Garraio Partzuergoak, CAFek, Euskotrenek, Euskal Trenbide Sareak eta Metro Bilbaok, Elhuyarreko Hizkuntza eta Teknologia unitateko terminologia-adituen aholkularitzapean, Trengintza Hiztegi espezializatua osatu dute, lau hizkuntzatan: euskara, gaztelania, ingelesa eta frantsesa. Hiztegiak trenaren sektoreko 4.830 kontzeptu biltzen ditu, 15 alorretan sailkatuta, eta Interneten kontsultatu daiteke, http://trenhiztegia.eus/ helbidean.

Uztailaren 21ean aurkeztu da hiztegia, Bilbon, Bizkaia Plaza eraikinean. Proiektuan parte hartu duten erakunde guztietako ordezkariak elkartu dira ekitaldian. Erakunde publikoen izenean, Antonio Aiz Salazar Eusko Jaurlaritzako Garraioko sailburuordea izan da prentsaurrekoan; CAFen izenean, Gorka Acebal Trueba, Giza Baliabideetako burua; eta Elhuyarretik, Leire Cancio Orueta, zuzendari nagusia, eta Garbiñe Alkiza Lopez de Samaniego, hiztegiaren zuzendari teknikoa.

Trengintzaren sektorean, etengabe sortzen dira termino berriak, hizkuntza batean baino gehiagotan. Gainera, erakunde bakoitzak bere aldetik egiten du lan hori. Termino horiek guztiak jaso eta bateratzeko beharra ikusita, alor horretako zenbait erakundek — Bizkaiko Garraio Partzuergoa, CAF, Euskotren, Euskal Trenbide Sarea eta Metro Bilbao— bat egin dute, eta, Elhuyarreko Hizkuntza eta Teknologia unitateko terminologia-adituen aholkularitzapean, Trengintza Hiztegia sortu dute.

Beren lanean erabiltzen dituzten terminoak lau hizkuntzatan jaso, eta gizartearen esku jarri dituzte. Trengintzako sektorerako erabilgarri izateaz gain, hiztegi hau gizarte osoaren esku jarriko denez, beste sektore batzuetan ere baliatu ahal izango dute (itzulpengintza, kazetaritza, hezkuntza…). Hiztegi hau euskararen normalizazioan ere lagungarri izatea da helburu, eta, horretarako, trenaren sektoreko terminologia finkatua duten beste hizkuntza batzuen pare jarri dute euskara.

Gogorarazi dute proiektu hau ez dela hemen bukatzen, eta garrantzitsua dela aurrerantzean ere elkarlanean jarraitzea, normalizazioa eta terminologiaren bateratzea helburutzat harturik.
Categoría
Destacada
Desactivado
Fecha de publicación