Gaurtik aurrera Metro Bilbaoko erabiltzaileek ezusteko atsegina topatuko dute geltokietako batzuetan: mendiko irudi ikusgarrien erakusketa bat, Jimmy Chin argazkilari estatubatuar entzutetsuaren argazkiz osatua.

Gaurdanik, beraz, Norman Fosterrek diseinatutako hormigoi griseko korridoreak formatu handiko argazki koloretsuz eta ikusgarriz jantziko dira, bidaiarien gozagarri. Aurki, abenduaren 13tik 22ra, Bizkaiko hiriburuan izango den nazioarteko MENDI FILM FESTIVAL zinemaldian ikusgai izango diren irudien atarikoa dira Chinen argazkiok.

Jimmy Chin da, hain zuzen, aurtengo edizioaren karteleko irudiaren egilea. Hori dela eta, MENDI FILM FESTIVAL zinemaldiaren zuzendaritzak egokiera baliatu du nazioarteko mendiko argazkilari entzutetsu honen lana erakusteko. Eta Metro Bilbaoko geltokietara eraman du lagin ikusgarri hau, egunero milaka lagun harat-honat biltzen dituen lurrazpiko galeria bizira.

Modu horretara, MENDI FILM FESTIVALek zinemaldiaren edukiak zein diren iragarri nahi die herritar guztiei; hein batean, Chinen lanean jasotzen diren osagai berak, hain zuzen: arriskuko kirolak, natura, abentura eta emozioa. Gainera, argazkilari estatubatuarra bera da aurtengo edizioko gonbidatuetako bat, eta Bilbon izango da zinemaldiko egunetan.
Categoría
Destacada
Desactivado
Fecha de publicación