Azkartasuna eta geltokietako garbitasuna dira ondoen baloratu diren alderdiak, 8,5 eta 8,4ko notarekin, hurrenez hurren 

2025ean, metroa 321.000 balioztatzera iritsi  da lanegunetan, batez beste; iazko kopurua, berriz, 310.000 izan zen

Metro Bilbao erabiltzen duten pertsonen %93 harro dago garraiobide hau bere aisialdi eta betebeharren ibilbideetarako erabiltzeaz. Horrela ondorioztatzen da metroak bere bezeroen artean gogobetetasunari buruz egin duen azken inkestatik; emaitzak aurreko urteetakoen antzekoak dira. Inkesta 2025eko amaieran egin zen, metroaren 30 urteurrenarekin batera, orain arte bidaia gehien kontabilizatu diren urtean: 104.508.201, guztira. 

Bezeroen balorazioari dagokionez, batez besteko puntuazio globala “oso ongi” altura iristen da (8/10), eta nota horrek erreferente gisa kokatzen du zerbitzua Bizkaiko garraio publikoaren alorrean. 

Ondoen baloratutako arloen artean Barik nabarmentzen da, zeren 8,6 puntura iristen baita. Horren ostean datoz zerbitzuaren azkartasuna (8,5) eta geltokietako garbitasuna (8,4). Halaber, 8,3 puntura iristen da gaztelaniak eta euskarak duten errespetua: komunikazioetan, informazioan, seinaleztapenean… puntualtasunak, berriz, 8,2 puntu lortu ditu, erabiltzaileek orokorrean duten gogobetetasun handia berretsiz. 

Inkestak islatzen du, gainera, balorazio positibo hau zeharkakoa dela pertsona guztientzat, eta horrek erakusten du zerbitzua egokitzen dela erabiltzaileen profil desberdinen beharretara. 

Kalifikazioak alde batera utzita, kalitateari buruzko azken inkestak agerian uzten du eboluzio bat egon dela metroa lanegunetan erabiltzeko ohituretan. Hala, ikus daiteke metroa asteko bost egunetan erabiltzen dutenen kopuruak behera egin duela; astean hiru edo lau aldiz erabiltzen dutenen kopurua, aldiz, igo egin da. Bada, joera hori lotuta egon liteke telelanaren finkapenarekin. 

Metroan bidaiatzen duten maskotei buruzko galderei dagokienez, batez beste 86.000k (garraio hau egunero erabiltzen duten pertsonen %27) uste dute zortzi kilotik gorako txakurren presentzia baimenduko balitz, euren ohiturak aldatuko lituzketela, gutxiago bidaiatuz edo bidaiatzeari utziz. Gainera, inkestatutako pertsonen %70ek aitortzen du kasuistika horrek eragina izan lezakeela bidaiariengan edo instalazioetan. 

 

Zazpikaleak/Casco Viejo, zirkulaziorik handiena izan duen geltokia 

Iazko ekitaldiari dagokionez, zifra batzuk azpimarratu behar dira Metro Bilbaok eskaintzen duen zerbitzuari dagokionez, beraren kalitatetik eta beraren inguruko pertzepziotik harago. Guztira, metroa 104.508.201 balioztatzera iritsi zen, hamabi hilabeteetan. 

Lanegunetan, 321.526 bidaia egin ziren, batez beste (aurreko urtean baino 11.534 gehiago), eta, ekitaldi guztietan bezala, Zazpikaleak/Casco Viejo geltokiak jarraitzen du lehenengo postuen, zirkulazio gehien izan zituztenen rankingean (8.391.236 txartel balioztatu ziren bertan), eta beraren atzean Barakaldo eta Areeta geltokiak datoz, itsasadarraren alde banatan.  

Beste alde batetik, bezero gehien kontzentratu zituen eguna abenduaren 10a izan zen, Athleticen eta PSGren arteko partidaren egunean, zeren guztira 380.041 txartel balioztatu baitziren. 

Orokorrean hartuta, datuek metroaren inguruan dagoen pertzepzio ona berresten dute, eta kalitatearekin, efizientziarekin eta herritarren gogobetetasunarekin hartutako konpromisoari eusten laguntzen dute. 

Categoría
field_imagen_press
La clientela de Metro Bilbao valora con un notable alto el servicio, en el año en el que se han alcanzado los 104 millones de viajes
Fecha de publicación