Olentzero eta Mari Domingi dira jarduera honen anfitrioi bereziak, BBK eta Kutxabank erakundeek lagunduta
Bidaian, askotariko jarduerak izango dira disfrutatzeko, hala nola magia, aurpegi-margotzaileak eta ipuin-kontalariak.
Metro Bilbao buru-belarri murgildurik dago bere 30. urteurrenaren ospakizunetan, eta Eguberrietarako antolaturiko ekimen berezienetako bat ari da ospatzen gaur: ‘Gabonetako Trena’. Jarduera hori bereziki pentsatua da haurrentzat, eta ilusioz eta magiaz betetako bidaia bat egiteko aukera izango dute 2.000 pertsona inguruk —gehienak umeak—. Hain zuzen, Olentzero eta Mari Domingi izango dituzte anfitrioi, eta, bidaian zehar, haiekin berba egiteko aukera izango dute.
Proposamena doakoa da, eta 12 urtetik beherakoei zuzenduta dago. Hala, Gabonak protagonista nagusi dituen bestelako esperientzia bat eskaintzen du. Ordubete inguruz, parte-hartzaileek ibilbide tematiko bat egingo dute, eta galtzagorriak eta beste pertsonaia batzuk izango dituzte bidelagun une oro. Hain zuzen ere, pertsonaia horiek guztiek alaituko dute ibilbide osoa.
‘Gabonetako Trena’ ekitaldiaren proposamenen artean, nabarmentzekoak dira aurpegi-margotzaileak, ipuin-kontalariak, magia-ikuskizunak eta Olentzerori eta Mari Domingiri gutuna idazteko txokoa. Horiek guztiek esperientzia ahaztezin bilakatuko dute bidaia.
Horrelako ekimenekin, Metro Bilbaok berretsi egiten du zerbitzu publikoaren aldeko bokazioa, baita herritarrekiko konpromisoa ere. Gabonetako ospakizunekin eta Metro Bilbaoren 30. urteurrenarekin bat egiteaz gainera, txikienen artean arrastoa uzten duten proposamenak ere eskaintzen ditu.