Elixabete Etxanobe Ahaldun Nagusiak urte amaieran Bizkaiko Garraio Partzuergoaren kontseilua deitzea espero du, Metro Bilbao berritzeko lehiaketa lizitatzeko.
“Bizkaiko metropoli-inguruneari zerbitzu hori emateko beharra identifikatu zutenen ikuspegia aitortu behar dugu”, azpimarratu du Etxanobek.
Underrunen edizio berri bat, futbolin txapelketa, geltokietan egingo diren banaketak edo ‘Gabonetako trena’ izango dira urteurrena bezeroekin batera ospatzeko antolatutako jardueretako batzuk.
Ia 30 urte igaro dira Metro Bilbaoren lehenengo zerbitzua abian jarri zenetik, Zazpikaleak/ Casco Viejo geltokiaren eta Plentziaren arteko bidaia-tartea egiteko; horren kariaz, Sarrikoko geltokiak prentsaurreko bat hartu du gaur goizean, Bizkaiko Ahaldun Nagusi Elixabete Etxanoberen eta enpresako zuzendari nagusi Eneko Aurrebarrenaren presentziarekin.
1995eko azaroaren 11 harez geroztik, asko dira Metro Bilbaoren ibilera markatu duten mugarriak. 123 milioi kilometro baino gehiago ibilita -Martera joan eta handik etortzeko bidaia baten adinakoa-, eta 2.281 milioi bidaia baino gehiago eginda, metroak gogotsu aurre egiten dio etapa berri bati, zeren flotaren parte bat berriztatu eta seinaleztapen-sistema modernizatuko baita.
“Gaur, zerbitzu honen bidez, Bizkaiko metropoli ingurua hornitzeko beharra identifikatu zutenen ikuspegia, ausardia eta gaitasuna aitortu behar ditugu”, adierazi du Ahaldun Nagusiak. “Bizkaiko gizarteak errekonozimendu hau zor die". Bere hitzaldian, “mugikortasunaren aldaketa” hori posible egin dutenen papera ere nabarmendu du, “kudeaketa on bati eta oso langile profesionalei esker” posible izan baita.
Etorkizunari dagokionez, Ahaldun Nagusiak, Bizkaiko Garraio Partzuergoko eta Metro Bilbaoko presidentea ere badenak, bere “konpromiso publikoa” gogorarazi du: “metroa bigarren belaunaldiarekin berritzea, erabiltzaileei segurtasun osoa bermatzeko eta zerbitzuaren kalitatea hobetzeko; unean unekoa, maiztasun hobearekin eta egokitutako zerbitzuekin".
“Horregatik, eta egungo unitateak berritzeko eta horien ordez tren modernoagoak jartzeko prozesua hasi ondoren, urte honen amaieran Metro Bilbaoren bigarren belaunaldiaren, bere trenen eta bere komunikazio-sistemaren ezaugarriak zehazten dituen dokumentu teknikoa izango dugu". Orduan dei egingo dio Etxanobek Bizkaiko Garraio Partzuergoko kontseiluari, “Metro Bilbao berritzeko lehiaketa lizitatzeko”.
“Inbertsio oso garrantzitsua izango da, 700 eta 800 milioi euro artekoa”, esan du, eta gaineratu du “Aldundiak finantza-plan bat prestatu duela inbertsio horri dagokion % 50ari heltzeko”.
Ospakizun-urtea
Beste alde batetik, Metro Bilbaoko zuzendari nagusi Eneko Arruebarrenak azpimarratu du bezeroek zerbitzuaren hiru hamarkada hauen ospakizunetan parte hartzeak duen garrantzia. “Batzuetan, harago joan behar dugu eta aitortza bat egin milaka eta milaka pertsonak Metro Bilbaon jartzen duten konfiantzari, haien eguneroko joan-etorrietan, geu haien bizitzaren parte bihurtzen baikaituzte”.
Horregatik, metroak zenbait ekitaldi antolatu ditu datozen hamabi hilabeteetan bidaiairekin ospatzeko; askotariko jarduerak dira, bidaiarien profil desberdinetara iristeko xedez.
30 urte geroago, “metroak Bizkaiko garraio publikoaren bihotza izaten jarraitzen du, eta, hala, herritarrek garraio publikoan egiten dituzten bi bidaia bakoitzeko bat gurekin egiten dute; horri lotuta, eraldaketa metropolitarraren ikur bihurtu gara, mugikortasunak lurralde bat batu, harrotasuna sortu eta etorkizuna proiektatu dezakeela modu eredugarrian erakusten duen zerbitzu batez”, gaineratu du Arruebarrenak.
Aurten egingo diren ekitaldien artean, honako hauek daude:
- Txokolatinak, gominolak eta ebakigarriak banatzea, leku eta ordutegi desberdinetan, eta abesbatzen emanaldia Moyuan, azaroaren 11n.
- Bidaiarien profil desberdinak islatzen dituzten hamairu pertsonak protagonizatutako egutegi bat bezeroen artean banatzea.
- Liburu bat argitaratzea, ‘Hurrengo geltokia…’ izenburukoa, Metro Bilbao egiten duten istorio eta pertsonei buruz hitz egingo duena, bai enpresako pertsonala eta bai kanpokoa kontuan hartuta, askotariko ikuspuntuetatik.
- ‘Gabonetako trena’ izeneko ekimena, abenduaren 22an: publiko txikia Gabonetaz gozatzera gonbidatuko dugu, bidaia magiko baten bidez.
- Gure geltokiak Gabonetako elementuz apainduko dira berriro, jai hauek bezero guztiekin ospatzeko, haien adina zeinahi delarik ere.
- “Garraio Publikoaren funtsezko rola eta ekarpena GJHak lortzeko” izeneko hitzaldia, Bilboko Euskalduna Jauregian; bertan, garraio publikoaren munduko hainbat erakunde eta hizlari ospetsu bilduko dira 2025eko abenduaren 1, 2 eta 3an.
- Futbolin txapelketa Ansion, bezeroek euren trebetasuna erakutsi ahal izan dezaten joko tradizional honetan, 2026ko urtarrilaren 30 eta 31n.
- ‘Underrun’: edizo berri bat, aurten bi ibilbide desberdin izango dituena. Kirol-hitzordua 2026ko martxoaren 29tik 30erako gauan izango da.
- …
Azken batean, “urteurren hau ilusioz aurrera begiratzeko aukera bat da, berrikuntza gehiago, jasangarritasun gehiago eta herritarrekiko hurbiltasun gehiago ekarriko dituzten erronkekin, baina baita orainaldia euren konfiantza Metro Bilbaon jarri duten pertsona guztiekin ospatzeko aukera bat ere”, esan du Arruebarrenak bukatzeko.