Metro Bilbaok zerbitzu jarraitua eskainiko du hamaika egunez, abuztuaren 14tik (osteguna) 24ra (igandea)

Guztira, 260 zerbitzu-ordu izango dira etenik gabe, eta igande gaueko 02:00etan amaituko dira

Atzotik, Moyua geltokiak bestelako itxura dauka, Gargantua hartzen duten fosterito binilatuekin. Elcano eta Ercilla kaleetako fosteritoetan ageri da pertsonaia enblematiko hori, Bilboko metrora dotore-dotore egokitutako jantzi eta guzti: Barik txartela ageri du galtzetako poltsikoetako batean, eta metroaren logotipoarekin apainduta dauzka txalekoa, alkandora eta bikiak.

Antonio Etxanizek sortu zuen Gargantua, eta 1854an atera zen lehen aldiz kalera. Bonba batek suntsitu ondoren, Higinio Basterra eskultoreak berriro sortu zuen 1934an, eta, harrezkero, Marijaia eta biak dira Aste Nagusiko pertsonaiarik garrantzitsuenak.

Kutxabankekin lankidetzan, Metro Bilbaok bat egin du hiriko jai-giroarekin. Larunbat honetan hasiko da Aste Nagusia, Arriaga antzokian txupinazo tradizionalarekin, eta datorren igandean amaituko da, abuztuaren 24an, Marijaia erreko dutenean. 

Guztira, metroak hamaika egunez etenik gabe eskainiko du zerbitzua: Aste Nagusiko egunetan (hau da, abuztuaren 16tik 24ra bitarteko egunetan), baina baita hasierako ostiralean (abuztuak 15) eta ostegunean ere (abuztuak 14), jai-bezpera baita. Hamaika egun horietan, Metro Bilbaok etenik gabe eskainiko du zerbitzua, eta, horretaz gainera, trenen maiztasuna indartuko du jende gehien ibiltzen den orduetan. Guztira, 260 orduz eskainiko du zerbitzua, gelditu gabe.

Beste behin ere, Metro Bilbaok konpromisoa hartu du herritarrekin. Horretarako, kalitatezko garraio-zerbitzua eskainiko du, eta langileak indartuko ditu eskariari erantzun ahal izateko.
 

Kontuan hartu beharreko gomendioak:

Zerbitzua ahalik eta normaltasun handienez eskaini dadin, Metro Bilbaok zenbait gomendio egiten ditu:

  • Helmugara aldez aurretik joatea jende-pilaketak saihesteko, batez ere su artifizialak ikusi gura izanez gero.
  • Trenetik irtetean, Barik edo bidaia-txartela eskuan eramatea, makinetatik arinago igaro ahal izateko.
  • Barik kargatzea edo itzulerarako bidaia-txartela aldez aurretik erostea, eta, hala, txartelak saltzeko makinetan ilarak saihestea. 
  • Segurtasunagatik, debekatuta dago instalazioetara helioz edo hidrogenoz puztutako puxikekin sartzea.
  • Europa Parkeko kontzertuetara doazenentzat, Basarrate eta Santutxu (1. eta 2. lineak) eta Txurdinaga (3. linea) geltokiak erabiltzea gomendatzen da.
  • Une oro egin behar zaie kasu geltokietako langileen jarraibideei, pertsona guztiek ahalik eta zerbitzurik onena izan dezaten.

 

Categoría
field_imagen_press
Gargantua
Fecha de publicación