Zerbitzu berezi gehiago egongo dira, asteburuetan gau osoan zehar ibiliko dira trenak, eta hamar egunez etengabe izango da zerbitzua Aste Nagusian.
Sopelako jaiak eta BECen Manáren kontzertua izango direla eta, areagotu egingo dira maiztasunak asteburu honetan.
Bezeroen Arretarako Bulegoek ere udako eskarira egokituko dute beren ordutegia.
Metro Bilbaok bere udako zerbitzua jarriko du martxan datorren astelehenean eta horrek ordutegi aldaketa batzuk ekarriko ditu, trenen eskaintza bezeroek udaldian izaten duten eskarira egokitzeko. Uztailaren 1etik irailera bitartean, zirkulazio gutxiago egongo da lanegunetako puntako orduetan, baina zerbitzu berezi gehiago egongo dira cultura ekitaldiei eta herriko jaiei estaldura emateko, abuztuaren amaieran izango den Aste Nagusia tartean dela.
Egun bakoitzeko lehen eta azken zirkulazioen irteera ordutegiak egonkor mantenduko dira udan zehar, eta eguneko maiztasunak murriztu egingo dira apur bat, ikasleen eta langileen oporrek markatutako mugikortasunera egokitzeko. Astegunetan, zerbitzua hasten denetik ia 16:00etara bitartean, 3 minutu eta 20 segundoz behin egongo dira trenak Bilbo inguruan, eta denbora horren bikoitzean itsasadarraren aldeetan. Hortik aurrera, 5 minutuz behin egongo dira trenak hiriburuan, eta 10 minutuz behin adarretan. Azken maiztasun hori larunbatetan eta jaiegunetan ere aplikatuko da.
Bestalde, udan ohikoa den gero eta aisialdi eskari handiagoari erantzuteko, trenak etengabe ibiliko dira asteburuetako gauetan, ekainaz geroztik jada ari diren bezala. Horrez gain, zerbitzu berezi ugari jarriko dira abian, kultura ekitaldietara eta udalerrietako
jaietara joan etorria errazteko. Aurtengoan ere abuztuan iritsiko da erronka nagusia; hala, Aste Nagusian, hamar egunez zerbitzu etengabea emango da, gainerako metroetan berdinik ez duen eskaintza.
1. Linea eta Ansio
Hurrengo zerbitzu berezia larunbat honetarako dago programatuta, Sopelako jaiak eta BECen Maná taldearen kontzertua izango direla eta. Lehenengo kasuan, gaueko ohiko maiztasunak indartuko dira, eta 1. Linean 20 minutuz behin egongo dira trenak. Banda mexikar ospetsuaren kontzertuari estaldura emateko, berriz, lau zirkulazio gehigarri programatu dira, ekitaldia amaitzen den ordutegira egokituta. Horiek guztiak Ansiotik abiatuko dira: hiru Basaurira joango dira, eta laugarrena Kabiezesera.
Azkenik, Metro Bilbaoren Bezeroen Arretarako Bulegoak (Zazpikaleak/Casco Viejo, Areeta eta Ansio) udako ordutegira egokituko dira. Hirurak egongo dira zabalik uztailean, goizez (8:00etatik 15:00etara) eta astelehenetik ostiralera. Abuztuan, Zazpikaleak/Casco Viejo geltokian dagoenak eskainiko du zerbitzua, adierazitako ordutegian.