Kopa Bilbon da eta dena prest dago datorren ostegunean, hilak 11, gabarra ateratzeko. Itsasadarreko ibilbidea eta Athleticen titulua ospatzeko aurreikusitako gainerako ekitaldiak direla eta, Metro Bilbaok bere ohiko zerbitzua indartuko du ehunka mila lagunen mugikortasuna errazteko. Pertsona horiek, seguru asko, bi ertzetan kokatuko dira, jokalari zurigorriak itsasontzi historikoan pasatzen ikusteko.
Zehazki, metroak lanegun bateko ohiko zerbitzua eskainiko du 15:30ak arte. Orduan, zerbitzuaren arratsaldeko errefortzua hasiko da, trenez 3 minuturo enbor komunean, 6 minuturo Ibarbengoa eta Kabiezeserantz, eta 18 minuturo Plentziarantz. Ordutegi horiek egonkor mantenduko dira 22:30ak arte; orduan, maiztasunak 5, 10 eta 20 minutukoak izango dira, hurrenez hurren, eremu guztietan.
Ospakizunari estaldura emateko Metro Bilbaoren eskaintza osteguneko gau osoan zehar etenik gabeko zerbitzu batekin osatuko da, jai bezperetan eta asteburuetan eskaintzen dena baino handiagoa. Zehazki, 23:00etatik ostiral goizeko 6:00etara, trenak ibiliko dira bi trenbideetatik, 10 minuturo enbor komunean, eta 20 minuturo Plentzia eta Kabiezes aldera.
Bezeroentzako gomendioak
Espero da Kopa tituluaren ospakizuna oso jendetsua izatea. Joan-etorri handiak aurreikusten direnez, eta pertsonen fluxu handia ahalik eta ondoen kudeatzeko, Metro Bilbaok hainbat gomendio eman ditu bezeroentzat. Hala, aldez aurretik bidaiatzea, Barik kargatuta eramatea eta, noizbehinkako txartela aukeratuz gero, bi bidaiakoa erostea gomendatzen da. Bidaia-txartel hori bakarka erabiltzen da, eta itzultzean itxaronaldiak saihesteko aukera ematen du.
Era berean, Metro Bilbaoko langileen jarraibideak errespetatzeko eskatzen da, gerta daitezkeen pilaketak ahalik eta ondoen kudeatu ahal izateko; izan ere, gerta daiteke noizean behin geltokiren bat itxi behar izatea jende pilaketengatik.
Aldez aurretik bidaiatzea, Barik kargatuta eramatea eta, joanaldia aukeratuz gero, bi bidaiakoa erostea eskatzen zaie bezeroei, itzuleran itxaronaldiak saihesteko
Jende pilaketek zenbait sarbideren itxiera puntualak ekar litzakete segurtasuna bermatzeko