Bilbo, 2023ko uztailak 17
Metro Bilbaoren eta eguneroko erabiltzaileen arteko komunikazio-kanalak hobetu guran, hiriarteko tren-konpainia geltokietan wifi puntuan jartzen hasi zen 2014an, bezeroek zerbitzuari buruzko edukiak begiratu eta zirkulazioaren unean uneko egoeraren berri jasotzeko aukera izan zezaten.
Une hauetan, zazpi kokapen berriak gehituta, Metro Bilbaok internetera doan sartzeko zerbitzua guztira 35 geltokitan eskaintzen du, Wifinovarekin lankidetzan.
Hauek dira oraingoan kanal horretara gehitu diren geltokiak: Gobela, Neguri, Urduliz, Plentzia, Bagatza, Abatxolo eta Kabiezes. Hedapen berri horrekin, Metro Bilbaok zerbitzu hori handitzen jarraitzen du, eta pixkanaka wifi puntuak gehitzen joan da, geltoki guztiak hurrengo faseetan estaltzeko asmoz. Horrela, lehen bi etapetako bakoitzean hamar estaziotan ezarri ziren konexioak, ondoren beste zortzi kokaleku gehitzeko, eta, azkenik, zazpi azken fase honetan.
Sartu ahal izateko, gailu eramangarritik geltokian erabilgarri dagoen sarera konektatu behar da, besterik ez. Zerbitzu horri esker hamabost minutuz internet-konexioa doan izango dute erabiltzaileek, albisteak, mezu elektronikoak irakurtzeko, sare sozialetara sartzeko… eta geltokietako itxaronaldi laburra baliatzeko.
Hilean, batez beste, 40.000 konexio izaten dira, eta gora egingo du kopuruak zazpi geltoki hauek gehitzearen ondorioz.
"Geltokietako itxaronaldi laburra une aproposa da informatuta egoteko. Zerbitzu honek martxan jarri genuenetik izan duen onarpen onak pixkanaka zabaltzera bultzatu gaitu, eta geltoki guztietan izateko helburuarekin lan egiten dugu", azaldu du Eneko Arruebarrena Metro Bilbaoko zuzendari nagusiak.
Xeheki, azpimarratuko dugu bisiten %99 sakelako telefonotik egiten direla, eta 18 eta 24 urte arteko pertsonak dira zerbitzu hori gehien erabiltzen duten pertsonak, nagusiki gaztelaniaz, eta ondoren ingelesez, frantsesez eta euskaraz. Gainera, hauek dira orain arte konexio gehien biltzen dituzten geltokiak: Zazpikaleak/Casco Viejo, San Ignazio, Indautxu eta Santimami/San Mamés. Areeta Eskuinaldeko adarrean eta Sestao eta Barakaldo Ezkerraldean.
Zerbitzua hornitzeaz arduratzen den enpresa Wifinova da eta konexio hori eskaintzen duten geltokiak wifi seinalaren piktograma unibertsalaren bidez identifikatzen dira; eta hauek dira:
- 1. Linea: Etxebarri, Bolueta, Basarrate, Santutxu, Zazpikaleak/CascoViejo, Abando, Moyua, Indautxu, Santimami/San Mamés, Deustu, Sarriko, San Ignazio, Astrabudua, Erandio, Leioa, Areeta, Gobela, Neguri, Algorta, Bidezabal, Sopela, Urduliz eta Plentzia.
- 2. Linea: Basauri, Ariz, Gurutzeta/Cruces, Ansio, Barakaldo, Bagatza, Sestao, Abatxolo, Portugalete, Peñota, Santurtzi eta Kabiezes.
Wifinova Bizkaiko enpresa liderra da, wifi sare ugari ditu irekita sarbide publikoetan, eta hainbat udali, administrazio publikori, merkataritza-zentrori, ospitaleri, hoteli eta enpresa txiki eta ertaini ematen die zerbitzua, konponbide ugari eskaintzen ditu eta nazioartean ere presentzia badu.
- Gobela, Neguri, Urduliz, Plentzia, Bagatza, Abatxolo eta Kabiezes batu dira sarera
- 2014an abiatu zen ekimenak hilean 40.000 konexio izaten ditu, batez beste
- Sartu eta 15 minutuz doan nabigatzen da