Bilbo, 2022ko abenduak 19
Metro Bilbaok mugarri berria gauzatu du gaur 2.000 milioi bidaien langa sinbolikora helduz. Efemeridea Barakaldo geltokian gertatu da, 8:30 eta gutxira, Kabiezesetik zetorren emakume batek txartela Foruak kalerako irteerako makina batean balioztatu duenean. Nieves, 47 urtekoa, izan da protagonista, eta zur eta lur geratu da. Irakasle ari den lantokira zihoan albisteak harrapatu eta harritu duenean. «Benetan? Hau poza! Astea hasteko modu berezia!» esanez ospatu du, artean urduri samar.
Bete dira aurreikuspenak. Bidaien kopuruaren jarraipen estatistikoak iragartzen zigun gaur izan zitekeela 2.000 milioi balioztatzeen kopurua lortzeko eguna. Horregatik, goizeko lehen zerbitzutik monitorizatu dira hiriarteko trenbidearen geltokietako sarrerak eta irteerak, 8.30 jo berri Barakaldon Nievesek bere BARIK euskarriarekin kopuru borobila baietsi duen arte.
Hiriarteko trenaren eta Bidai50 hileko abonuaren ohiko erabiltzaile den Nievesek bi bidaia egiten ditu lanegunetan Kabiezes eta Barakaldo artean, baina gaur goizekoa gogoan iltzatuko zaio betiko, ziurrenik. Izan ere, gaurko balioztatzeak oparia ekarri dio. Metro Bilbaok protagonistarekin ospatu nahi izan du efemeridea, eta kartel oroigarria, metropoliko trenean bidaiak urtebetez doan egiteko abonua eta Londresera asteburu baterako birentzako bidaia eman dizkio. «Zerbait tokatzen zaidan lehen aldia dut», adierazi du emakumeak.
2.000 milioi bidaien mugarria hiriarteko trenarentzat garrantzitsua den astean etorri da. Asteazkenean San Tomas ospatuko da, balioztatzeen urteko errekorra lortu ohi den eguna, eta Metro Bilbao pandemiaren bi urteen aurretik zuen eskariaren ia % 93 lortzen ari den unean iritsi da, Bizkaiko garraio publikoaren ardatza dela berretsiz. Bi hilabete hauetan behin baino gehiagotan gainditu da 300.000 erabiltzaileen kopurua, ia ziur etzi berriro arazo barik gaindituko den langa, hain zuzen.
San Tomas ospatzera begira, gomendatzen da helmuga Zazpikaleak/Casco Viejo, Abando eta Moyua geltokietakoren bat izatea. Era berean, aholkatzen da itzulerako bidaia egin aurretik kargatzea Barik euskarria edo erostea txartela, eta Metro Bilbaoren geltokietako langileei jaramon egitea. Trenen zirkulazio-ordutegiak web orrialdean egongo dira ikusgai, atal honetan: Hurrengo trenak
-
47 urteko emakume batek balioztatu du txartel historiko hori Barakaldo geltokian, Kabiezesetik egunero hara joaten baita irakasle lanak egitera
-
Bi mila milioigarren bidaiariak urte osorako garraio- abonua doan jaso du opari, baita bi pertsona asteburu baterako Londresera joateko bidaia ere
-
Mugarria San Tomas eguna ate joka dugunean heldu da; ziurrenik aurtengo bezero-errekorra orduan lortuko da