Bilbo, 2022ko urriak 19
Metro Bilbaok gaur Santutxu geltokian inauguratu du #KonektaPobrezia-erakusketa, gure oraingo bizimoduak pertsona behartsuenei eta ingurmenari egiten dien kalteaz hausnartzeko gonbita eginez. Erakusketa, besteak beste, Solidaridad con América Latina, Fundación Ayuda Solidaria Hijas de Jesús, Fundación Itaka, Fundación Proega, Misiones Salesianas, Cáritas eta Manos Unidas elkarteak biltzen dituen «Enlázate por la Justizia» plataformak antolatu du, Bilboko Udalaren eta Metro Bilbao beraren laguntzarekin. Abenduaren 16ra arte, ondoz ondo, Deustu, Moyua eta Zazpikaleak/Casco geltokietan egongo da ikusgai.
Panel batzuek osatzen dute erakusketa. Bakoitzean gai zehatz bati buruzko gogoeta eginarazteko esaldi bat sartu da, baita QR kode bat ere, informazio xeheagoa emateko. Hartara, adibidez, azpimarratzen da moda dela planeta kutsatzen duten industrietan bigarrena, petroliorenaren ostean, edo iturria ireki eta edateko ura izan ezinik daudela 2.100 milioi pertsona baino gehiago munduan.
Badajoz, Valladolid edo Madrilen izan eta gero heldu da erakusketa Bilbora, Espainiako Parlamentuak Beharrezko Ardura izateko Legea onartzeko kanpaina baten baitan, enpresek, beren ekoizpen-kate osoan, Giza Eskubideekin eta ingurumenarekin arduraz joka dezaten bermatzeko.
Santutxu geltokian, Karmelo sarbidean egin den inaugurazio-ekitaldian ordezkari hauek izan dira: «Enlázate por la Justizia» plataforma –Solidaridad con América Latina (Iván Márquez), Fundación Ayuda Solidaria Hijas de Jesús (Lourdes Lekuona), Fundación Itaka (Pedro Marañón), Fundación Proega (José María Calvo) eta Manos Unidas (Reyes Villanueva)-, CONFER (Agustín Ortiz), Bizkaiko Gotzaitegia (Begoña Kareaga), Bilboko Udala (Amaia Barasorda eta Miguel Pérez) eta Metro Bilbao (Olatz Candina). «Metro Bilbaon arduraz jokatu dugu beti gizartearekin, eta erakusketa hau beste adibide bat da gure instalazioak elkartasun-kausen erakusleiho izan daitezkeela», nabarmendu du Olatz Candina Komunikazio buruak.
Iván Márquezek, bestalde, azpimarratu du “erakusketa honekin kontzientzia piztu nahi dugu keinu txikiekin dagoen arrakala murriztu ahal dugula, esaterako, gauzak luzaroago erabiliz eta garraio publikoa gehiagotan hartuz. Azken batean, zelan bizi garen birpentsatu behar dugu”.
- Panelek agerian uzten dute, adibidez, moda dela planeta kutsatzen duten industrietan bigarrena, eta garraio publikoa erabiltzeak airearen kutsadura murrizten duela.
- Abenduaren 16ra arte, ondoz ondo, Deustu, Moyua eta Zazpikaleak geltokietan egongo da ikusgai.