Metro Bilbaok, zuzendaritza berria izendatu zenetik, Administrazio kontseiluaren lehenengo bilera egin du gaur goizean. Bizkaiko Ahaldun Nagusi eta Erakundeko lehendakari Jose Luis Bilbao izan da bilerako buru. Hiriarteko tren-konpainiako Zuzendari Nagusi Eneko Arruebarrenak ere hartu du parte, kontseiluaren baitan aztertu eta erabaki behar ziren hainbat gai azaltzeko.<br>Gai garrantzitsuen artean, besteak beste, 2014tik aurrera ezarriko diren maiztasunak jorratu dira. Horrela, Bizkaiko Garraio Partzuergoak aurrekontua berresten badu, Bilbon 3 minututik behin ibiliko dira trenak eta 6 minututik behin adarretan. Maiztasun horiek Metro Bilbaoko aurreko zuzendaritzak hartutako erabakiak zuzenduko dituzte, egindako eskari-azterketekin bat datoz eta metroak, sortu zenetik berezkoa izan duen bezeroei kalitatezko zerbitzua emateko bokazioari erantzuten diote. Zerbitzu bereziak ohikora itzuli eta berreskuratu diren era berean, 2014ko urtarrilaren 1etik aurrera lanegunetan 9:30etatik 15:30era maiztasunak indartzeko asmoa dago. Aldi berean, eta gehigarri, udako zerbitzua hobetu gura da, uztaileko lehen astean neguko hilabeteetako zerbitzuaren antzekoa jarriz. Neurri hori egindako azterlanetatik ondorioztatzen da, emaitzek udako gainerako epeetan baino nabarmen bezero gehiago ibiltzen direla erakusten dutenez gero.<br>Oraingo urtaldirako aurrekontuak bileraren zati garrantzitsua hartu du. Hiriarteko trenak guztia 74.384.558 € izango ditu aurten, iaz baino % 3,7 gutxiago. 2013rako aurrekontuak gastua murriztezko ahalegin handia aurreikusten du, aholkularitzakontratuetan, kanpoko komunikazioan, kanpo-harremanetan eta publizitatean bereziki, % 50 eta % 60 gutxituko baitira partida batzuk. Mantentze eta kontserbazioko lanetarako partida, ordea, % 8,3 haziko da eta 19 milioi euro baino gehiago bilduko ditu, geltokiak, trenak, trenbidea eta katenaria, baita gainerako instalazio guztiak ere, behar bezala egon daitezen. Bidaia-txartelen tarifak ere jorratu dira gai garrantzitsu modura. Erakundeak batez beste muga iazko PKI duten igoerak proposatu ditu. Edozelan ere, proposatutako igoera 2012an egindakoa baino nabarmen txikiagoa izango da, orduan % 5,6 garestitu baitziren eta, gainera, BEZaren igoera ere jasan zuten (% 1,85) irailaren 1etik aurrera.<br>Tarifak Bizkaiko Garraio Partzuergoaren Batzar Nagusiak eta Eusko Jaurlaritzako Prezioen Batzordearen bidez berretsi beharko dituzte.<br>Gai horiek guztiak Bizkaiko Garraio Partzuergoaren Batzar Nagusiak berretsi beharko ditu martxoaren 26an egingo dituen bileran.
Metro Bilbaoko zuzendaritza berriak administrazio-kontseiluaren lehenengo bilera berria egin du.
· Urtaldirako aurrekontua, tarifak eta 2014rako maiztasunak izan dituzte hizpide gai-zerrendan.
· Aurrekontuaren ahalegina instalazioen mantentze eta kontserbazioko lanetara bideratuko da nagusiki.
· Aurkeztutako proposamenak % 80ko estaldura-indizea ekarriko dio hiriarteko tren-konpainiari.