Bilbo, 2014ko ekainaren 4a.

Gaur, asteazkena, ekainaren 4an istripu-simulazioa burutu da Kabiezes geltokian Eusko Jaurlaritzako Larrialdietako Arretarako Zuzendaritzaren koordinaziopean. Helburua informazio, komunikazio eta esku-hartze prozedurak egiaztatu eta praktikan jartzea izan da, baita esleitutako barne zein kanpo baliabideen eraginkortasuna ziurtatzea ere. Larrialdi egoera bat konpontzeko koordinazioa balioztatzeko ere balio izan du ariketak. Bukatutakoan, hartutako neurrien gainean egindako analisiari esker hobetu egiten dira ezarritako protokoloak.

Metro Bilbaoren hamaikagarren simulazioa izan da hau. Guztiak burutu dira iristeko zailak diren lekuetan. Azkenak Basauriko geltokian (2011), San Mames eta Renferen geltokian (2008), Portugaleteko geltokian (2007) eta Sestaon (2005) egin ziren. Baina, horien aurretik honako hauek ere burutuak ziren dagoeneko: Moyua eta Abando geltokien arteko tartea, Urdulizko trenbide-pasagunea, Olabeagako ibai-azpiko zatia, Erandioko geltokia, Barrikako baso-gunea eta Barakaldo eta Ansio arteko zatia.

Simulazioaren arabera, oraingo honetan Kabiezesko bretellean trena bidea aldatzeko maniobrak burutzen ari zen bitartean irteten da errailetatik. 9:45ean hasi da simulazioa. Une horretantxe, antzeztutakoaren arabera, trenaren lehendabiziko bagoiak tunelaren hastialaren kontra talka egin du eta unitatean sutea piztu da.

Larrialdietako simulazioa burututa, Metro Bilbaoko Aginte Zentralizatuko Postuak larrialdietarako Protokoloa aktibatu du eta, hala, enpresako arlo ezberdinak nahasi ditu, ikuspuntu teknikotik zein giza ikuspuntutik egokiro jarduteko.

Eusko Jaurlaritzako Larrialdietako Arretarako Zuzendaritzak, Bizkaiko Foru Aldundiko Suhiltzaileek, Osakidetzak, Santurtziko Udaltzaingoak eta Muskizko Ertzaintzak parte hartu dute simulazioan. Halaber, Portugaleteko Gurutze Gorriko boluntarioen parte-hartzea nabarmendu beharra dago, figurante gisa parte hartu baitute. Ariketa 11:00etan bukatu da eta balorazioa positiboa izan da.

• Eusko Jaurlaritzako Larrialdietako Arretarako Zuzendaritzak burutu ditu koordinazio lanak.