Bilbo, 2017ko uztailaren 20a.

Bizkaiko Garraio Partzuergoak (BGP) 2,5 milioi euro bideratu ditu Metro Bilbaon Aginte Toki berria ahalbidetzeko. Aginte Toki Osagarria izeneko postu berria Arizeko bagoi-tokietako instalazioetan egongo da, Basaurin, eta lurrazpikoaren sistema guztien eragiketa-kontrola bere gain hartuko du gertakari larriren baten ondorioz Aginte Toki Nagusia (ATN – Nafarroa kaleko 2an, Bilbon) erabiltezin geratzen denean. Manu Tejada BGPko Zuzendari Gerenteak eta Eneko Arruebarrena Metro Bilbaoko Zuzendari Gerenteak gaur goizeko prentsaurrekoan azaldu dituzte hornidura berriaren zehaztasunak. Haien hitzetan, munduko tren metropolitar gutxik daukate horrelakorik eta, aurreikuspenen arabera, 2019. urte bukaerarako egongo da bukatuta. Deialdia egungo Aginte Toki Nagusian egin da, urtean 365 egunez eta egunean 24 orduz funtzionatzen duen instalazio neuralgikoan.

Metro Bilbaok Aginte Toki Nagusia (ATN) dauka 1995. urteaz geroztik, eta bertatik zuzentzen dira lurrazpikoaren ustiaketa ahalbidetzen duten sistema guztien eragiketak, Metrorekin batera eboluzionatu, modernizatu eta zabaldu delarik. ATN eguneratzeaz gain, 2014an Ekintza Plan bat jarri zen abian, Metro Bilbaoren ATN funtzionaltasun eta hobekuntza berriez hornitzeko.

Plan haren testuinguruan, azken urteotan zenbait esku-hartze burutu izan dira, inbertsio garrantzitsuak eragin dituztenak:

Operadoreen aretoko argiteria berriztatzea: 28.000 euro 2015ean.

Pantailak berriztatzea: 185.000 euro 2016an.

Komunikazio-operadoreen bistaratze-guneak berriztatzea: 192.000 euro 2016an.

Telefono-terminalak berriztatzea eta ahots bidezko komunikatzaileak txertatzea: 152.000 euro 2016an.

Kontsolen kable-sistema berriztatzea: 17.000 euro 2016an.

Kontsolak pantaila handien atzealdera lekualdatzea: 13.000 euro 2016an.

ATNaren areto teknikoko CBT koadroa ekartzea: 50.000 euro 2017an.

Hala eta guztiz ere, 2014an hasitako Planaren helbururik handiena Aginte Toki Osagarria  sortu eta martxan jartzea da, zeina gertakari larriren baten ondorioz Aginte Toki Nagusia erabiltezin geratzen denean baino ez den aktibatuko.

Hala, larrialdietarako Aginte Tokiak, egungoa ez bezala Arizeko bagoi-tokian egongo denak (Basaurin), gaitasuna izango du metroren sistema ezberdinen kontrola bere gain hartzeko (trafikoa, energia eta geltokietako instalazioak), eta, horrela, metroko langileek haren ustiaketa arrakastaz eta kalitatez kudeatu ahal izango dute gertakaria ebazteko behar den denboran zehar.

Aginte Toki Osagarria Metro Bilbaon egun funtzionamenduan dagoen ATNarekin erabat bateragarria izango da. Modu horretan, ATNan egiten diren aldaketa edota eguneraketa guztiak modu integralean transferitu ahal izango dira Aginte Toki Osagarria.

Behin Aginte Toki Osagarria martxan hasita, modu ezberdinetan jardun ahal izango du:

•    Modu Pasiboa

Aginte Toki biak etengabe sinkronizatuta, «modu pasiboan», beharrezkoa den unera arte aktibatzeko zain egongo da Aginte Toki Osagarria.

•    Simulazio Modua

Funtzionamendu modu horrek aukera ematen du Aginte Toki Osagarria langileen prestakuntzan erabiltzeko, instalazio errealarekin lan egin dezaten sistemaren eguneroko eragiketari eragin gabe.

•    Kontsola Modua (ikuskapena)

Aginte Toki Nagusiaren gelara fisikoki sartzerik ez dagoen egoera anomalo baten aurrean, sistemak operatibo badaude, Arizko Aginte Toki Osagarritik lan egin ahal izango da Aginte Toki Nagusiaren zerbitzariak erabiliz. Arizko aginte postutik lan egingo da, Nafarroa kaletik izango balitz bezala.

•    Zerbitzari modua

Aurretik azaldutako kontrako kasuetan erabiliko da. Nafarroa kaleko areto teknikoko ekipamenduaren mantentze-lan programatuetarako pentsatuta dago batez ere. Horrela, aukera ematen du Nafarroa kaleko kontsoletatik lan egiteko, Arizen dauden zerbitzarietara konektatuta.

•    Modu Aktiboa

Modu honetan erabiltzeko pentsatua dago. Egungo Aginte Toki Nagusia erabiltezin uzten duen gertakari larri baten aurrean, langileak Arizera lekualdatuko dira, Aginte Toki Osagarritik lan egiteko.

Horrez guztiaz gain, une honetan Bizkaiko Garraio Partzuergoa ekipamenduetan esku-hartzeak burutzen ari da, Aginte Toki Osagarria aktibo egongo den unerako prestatzeko.

Zentzu horretan, metroren sareko katigamendu ezberdinen arteko komunikazioak modernizatzeko lehenengo fasea gauzatzen ari da BGP, urrutiko aginteak egungo ATNtik ez ezik, bigarren aginte tokitik ere (kasu honetan Osagarritik) ahalbidetu ahal izateko.  Esku-hartze konplexua da teknikoki eta, hortaz, bi fasetan banatu da. Lehendabiziko fasea, exekuzioa, konfigurazio elektrikoko katigamenduei dagokie. Horretan, beharrezkoa izan da 400.000 euroko aparteko inbertsioa egitea, Aginte Toki Osagarria martxan jartzen den unerako dena prest egon dadin. Bigarren fasea katigamendu elektronikoei dagokie, eta 2018. urtean burutuko da.

Fase guztiak bukatutakoan, alegia, Aginte Toki Osagarria eta katigamenduen egokitzapena egindakoan, azken faseari ekingo zaio; hau da, funtsean, altzariak jarri eta barneko lanak egingo dira, postu bien artean komunikatzeko beharrezko zuntza ezarriko da eta geltokietan lan sorta egingo da (aurreikuspenen arabera, 2018 eta 2019 bitartean). Hala, aurreikuspenen arabera, Aginte Toki Osagarria 2019. urte amaieran jarriko da martxan.

field_imagen_press
ATN PMC
Resumen

• Basauriko Arizen dauden bagoi-tokietako instalazioetan egongo da Metro Bilbaoren Aginte Toki Osagarria, eta lurrazpikoaren sistema guztien kontrola bere gain hartuko du gertakari larriren batek Aginte Toki Nagusia (Nafarroa kaleko 2an dagoena) erabiltezin uzten duenean.
• Dagoeneko burutzen ari dira egokitzapen-ekintzak metroren katigamenduetan; horretarako 400.000 euroko inbertsio osagarria egin da, Aginte Toki Osagarri berriaren sorrera aurreikusita.
• Egungo Aginte Toki Nagusiak, era berean, trafiko-kudeaketari dagozkion funtzionaltasun berri eta osagarriak izango ditu, barne-eragiketak hobetzea ahalbidetze aldera.

Fecha de publicación (deprecated)
Fecha de publicación