Ostiral eta larunbatetako gaueko ordutegia indartu egingo da herrietako jaiengatik eta kultura-ekitaldiengatik
Puntu gorena Aste Nagusian izango da, zeren 11 egunez metroa etengabe ibiliko baita
Bezeroen Arretarako Bulegoek (BAB) ere udako eskarira egokituko dute euren ordutegia
Metro Bilbaok datorren asteartean hasiko du bere udako ordutegia. Uztailean eta abuztuan, metroak mugikortasun seguruaren aldeko apustuari helduko dio berriro, alternatibarik osatuena delakoan, batez ere aisialdarekin lotutako joan-etorrietarako. Era horretan, ekaineko ostiral eta larunbatetako gauetan jadanik eskaintzen ari den zirkulazioa zerbitzu bereziekin osatuko da, metroaren trazako herrietako jaiei eta askotariko kultura-ekitaldiei erantzuteko.
Gaueko zerbitzua gau osokoa izango da uztailaren 24 eta 30eko gauetan, jaiegunen bezpera direlako, baina puntu gorena abuztuan iritsiko da, Aste Nagusiaren kariaz. Egun horietan, trenen zirkulazioa etengabea izango da abuztuaren 14tik (15ean jaieguna izango da) 24ra bitartean, biak barne, eta horrela metroa 11 egunez ibiliko da etenik gabe, eskaintza paregabea emanez.
Asteburu honetan, udako ordutegi horren aurrekari moduko bat izango dugu. Bihar bertan, 1. Lineako gaueko maiztasunak areagotu egingo dira, zeren trenak 20 minututik behin pasatuko baitira, Sopelako jaietara joatea errazteko.
Aisialdiak eragindako joan-etorrietatik harago, Metro Bilbaoren zerbitzuak ez du aldaketa handirik izango udan zehar. Egun bakoitzeko lehenengo eta azken zirkulazioen irteerako ordutegiak mantendu egingo dira, baina eguneko maiztasunak apur bat jaitsiko dira, udako eskarira egokitzeko xedez, ikasleen eta langileen oporren eraginez. Astean zehar, zerbitzuaren hasieratik eta ia 16:00ak arte, maiztasuna izango da tren bat pasatzea 3 minutu eta 20 segundotik behin, Bilbo inguruan, eta aldi hori bikoztu egingo da eskuinaldeko eta ezkerraldeko adarretan. Hortik aurrera, denbora-tarteak honako hauek izango dira: 5 minututik behin Bilboko eremuan eta 10 minututik behin adarretan. Azken maiztasun hori izango da larunbat eta jaiegunetan ere aplikatuko dena.
Azkenik, Metro Bilbaoren Bezeroen Arretarako Bulegoak (BAB) ere (Zazpikaleak/Casco Viejo, Areeta eta Ansio) udako ordutegira egokituko dira. Uztailean hirurak irekiko dira, goizez (8:00etatik 15:00era), astelehenetik ostiralera. Abuztuan, berriz, Zazpikaleak/Casco Viejokoak eskainiko du zerbitzua, ordutegi berean.