Urtea amaitu arte, Ibarbengoara puntako orduetan doazen trenek Bidezabalen amaituko dute zerbitzua
Egokitzapen horiek ez dute izango eraginik San Ignazioko tren-aldaketetan, eta Aste Nagusian ohiko ordutegia mantenduko da
Metro Bilbaok doitu egingo du trenen zirkulazioa apirilaren 25etik aurrera, baina mantendu egingo ditu maiztasunak. Hala, txikiagotu egingo ditu Bizkaiko Garraio Partzuergoak Lutxana eta Erandio artean trenbidea erabat berritzeko egingo dituen lanen ondorioak. Aldaketa horiek urte amaierara arte izango dira. Aste Nagusia izango da salbuespena, garai horretan zirkulazioek ohiko ordutegia mantenduko baitute.
Aldaketa txiki horren bidez, zerbitzuaren kalitateari eutsi gura zaio, eta, aldi berean, minimizatu egiten da datozen 18 hilabeteetan obretako zatian sortuko liratekeen 90 segundoko atzerapenak.
Alde horretatik, Metro Bilbaok bi egokitzapen egingo ditu funtsean:
-
Neguko lanegunetan (apirilaren 28tik ekainaren 30era eta irailaren 1etik urriaren 30era) puntako orduetan (7:35etik 10:16ra), Ibarbengoara doazen trenek Bidezabalen amaituko dute zerbitzua. Trenek buelta emateko geltokia aurreratuta, berreskuratu egiten da obretan dagoen zatian martxaren abiadura murriztu behar izanagatik galdutako denbora.
-
Gaueko zerbitzuan (ostiral eta larunbat gauetan) aldaketa txiki batzuk egin dira. Zehazki, Etxebarritik eta Kabiezesetik 3 minutu lehenago irtengo dira trenak, eta Basauritik, ostera, bi minutu geroago aterako dira.
Aldaketa horiek guztiak gaurtik bertatik kontsulta daitezke Metro Bilbaoren ohiko informazio-kanaletan.
Zirkulazioen plangintza berriaren helburua da obrek izan ditzaketen eraginak murriztea. Lanak faseka egingo dira, zerbitzuan gerta daitezkeen ondorioak murrizteko. Alabaina, lanen ezaugarriak eta aipatutako egokitzapenak egiteko beharra kontuan hartuta, Metro Bilbaok ohartarazi du egoera horiek baldintzatuko dutela balizko gorabeherak konpontzeko denbora, eta gerta litekeela ohikoa baino luzeagoa izatea obrak egiten diren bitartean.
Urte amaierara arte egindako plangintzak trenbidea berritzeko obren lehen faseak hartzen ditu —Lutxana eta Erandio arteko zatikoak—. Metroaren lantalde teknikoa beste plangintza bat lantzen ari da gainerako faseetarako, eta lanak hasi baino lehen jakinaraziko zaizkie bezeroei gerta daitezkeen eraginak.