Bilbo, 2021eko otsailak 10
Metro Bilbao web orri berria zabalduko du gaur, bezeroentzako oso tresna erabilgarriekin. Gailu mugikorretan erabiltzeko diseinatu da eta garapenaren ardatz nagusia erabiltzaileak izan dira. Nabigazio irisgarria eta intuitiboa ere helburu izan da beti.
Hasierako orrialdetik kontsulta gehien izaten dituzten ataletarako sarbideak daude: ordutegiak, tarifak, mapa-geltokiak, albisteak.
Hona hemen atalik garrantzitsuenak:
Hurrengo trenak: trenak unean-unean zer ordutan igarotzen diren
Orain arte erakundearen orrialdean programatutako ordutegiak ematen ziren. Bertsio berriarekin bezeroek sakelakotik edo ordenagailutik hurrengo metroa zehazki zer ordutan helduko den jakingo du.
Nahikoa izango du jatorriko eta helmugako geltokiak hautatzea eta “Noiz -> orain” klikatzea hurrengo trenak etortzeko zenbat minutu falta diren jakiteko.
Jatorriko geltokia geokokapenez ere jar daiteke, gailuan funtzionaltasun hori aktibatuz bero. Oso funtzionaltasun erabilgarria hiria ezagutzen ez duen jendearentzat, berbarako, turistentzat edo geltoki baten ohiko bezeroak ez direnentzat.
Bilaketaren emaitza nahi duzunari WhattsApp bidez partekatu ahal izango duzu. Ziurrenik, gaztetxoenen artean oso harrera ona izango du aukera horrek.
Era berean, bidaiaren iraupena eta autoaren ordez metroa hartzean bidaia horrekin zenbat CO2 aurrezten den ere jakinaraziko da.
Planifikatu bidaia
Beste une baterako bidaia planifikatu nahi bada, jatorriko eta helmugako geltokiak, data eta ordutegia hautatu eta aplikazioak ibilbide horretarako programatutako ordutegiak erakutsiko ditu eta, garraio-aldaketarik egin behar bada, zein trenekin lotzen den ere argituko du.
Era berean, jatorriko eta helmugako geltokietako dauden sarbideak eta mapako kokapena ere erakutsiko dira, zein komeni den erabakitzeko.
Zelan heldu
Funtzionaltasun honekin abiapuntu jakin batetik helmugara zer urrats egin behar den, zer norabide hartu behar den esango da. Mapan hurrengo trenen ordutegiak, ibilbidea eta helmugara heltzeko ordua erakutsiko dira, hautatzen den trenaren arabera.
Horrela, adibidez, turista batek hoteletik Guggenheim Museora nondik edo zelan joan behar duen jakin nahi badu, geltokirik gertuenera joateko urratsak adieraziko dizkio, zer tren hartu behar duen zehaztu, zenbat geltokitara duen museoa eta zer ordutan helduko den helmugara.
Zerbitzuaren egoerari buruzko informazioa
Webaren hasierako orrialdean informazio-barra bat erakusten da, denbora errealean, zerbitzuaren egoerari buruz, normal ari den zein gorabeheraren bat izan den adierazteko.
Informazio-barra hori webean nabigatzen den denbora guztian egongo da ikusgai, eta gainean sakatuz gero, izatekotan, gertakariaren xehetasunak ikusiko dira.
“Zure metroa” atala
“Zure metroa” atalean ohiko bidaia hautatu eta editatu ahal izango da, gogoko modura jarri eta eremu pertsonal bat eratu, non zer jakinarazpen jaso nahi den esan litekeen. Adibidez:•Sarearen egoera, matxurarik edo atzerapenik dagoen
•Gogoko bidaietan eragina duten gertakariak
•Edo argitaratzen diren albiste berriak, zerbitzu berezien eta balizko ordutegi-aldaketen jakinaren gainean egoteko beti.
Norberaren gogoko bidaiak definitzea oso baliagarria da zeren, adibidez, lanerako eta etxerako bidaiak, etxetik gimnasiorakoak, ezarriz gero, bidaia horiek egiteko hurrengo trenak “Zure metroa” panelean zuzenean ikusiko dira, edo hasierako orrialdean ere, hala konfiguratzen bada.
Era berean, informazioa zein hizkuntzatan jaso nahi den hautatu eta newsletter-harpidetza egin ahal izango da.
Sarearen eta geltokien mapa
Sarearen mapak:
•Metroko guneak, lineak eta geltokiak erakusten ditu.
•Bakoitzean zer zerbitzu dagoen jakinarazten du (disuasio-aparkalekua, lotura-geltokia, bezeroen arretako bulegoa, …)
•Zerbitzuaren eta instalazioen egoeraren berri ematen du, zerbait gertatuz gero.
Geltoki bakoitzaren gainean klikatuz gero, norabide bakoitzeko hurrengo trenak heltzeko zenbat denbora falta den esaten da (nasara jaitsi gabe).
Era berean, geltoki bakoitzaren sarbideen xehetasunak ematen dira, zeinek duen igogailua, zein dagoen zabalik gaueko zerbitzuan.
Web orrialdearen beste berezitasun bat da geltokiei ematen zaien protagonismoa, orrialde oso bat eskaintzen baitzaie.
Atal horretan geltokien bilatzaile bat dago, izenez, lineaz, gunez edo ezaugarriez bilatzeko.
Geltoki bat hautatuz gero, ezaugarriei buruzko informazio asko ematen da: aparkalekurik duen, leku interesgarriren batetik gertu dagoen, erakusketaren bat duen, bezeroen arretako bulegorik dagoen, hirigunean dagoen, hondartzatik gertu dagoen, edo beste operadore batzuekin lotura egiten duen.
Bestalde, geltokitik gertuko puntu interesgarri batzuk azpimarratzen dira, eta barruti-mapa jaitsi daiteke, eremua xehe-xehe ikusteko.
Ekitaldien atalean, Metro Bilbaoren eragin-eremuan antolatuta dauden kultura-aukerak erakusten dira. Metroko ahoetatik gertu egiten diren kultura- eta turismo- ekitaldiak. Orain arte Metro Bilbaoko geltokietan jarritako erakusketak soilik iragartzera mugatu da.
Nora
Nora gure laguntzaile birtuala da, txat bizia, erabaki-fluxuak eta adimen artifiziala uztartuz nabigatzen duena, bezeroak behar duten erantzuneraino gidatzeko oso elkarrizketa naturala izateko gai dena.
Beti dago prest, eta zalantza guztiak argitzen lagunduko du.
Lehendik zeuden eta oraindik ere izango diren funtzionaltasunak eta edukiak
Bestalde, aurreko web orriak zituen hainbat funtzionaltasun eta edukiri eutsi zaie, oraindik oso egokiak direlako, hala nola:
-Zein den pertsona bakoitzaren beharretara ondoen egokitzen den garraio-txartela jakitea.
-Txartelei eta tarifei buruzko informazioa, xehe-xehe
-Bezeroen arretako bulego birtuala, informazioa eskatzeko, kexak, erreklamazioak eta iradokizunak aurkezteko, galdutako gauzez galdetzeko, baita ohiko galderen eta metroko bidaien baldintzen gaineko gida.
-Metro Bilbaoren albisteei buruzko newsletter-aren harpidetza
-Albisteak eta prentsa-oharrak
-Enpresaren kudeaketari buruzko informazio orokorra.
• Trenak geltokietatik unean-unean zer ordutan igaroko diren eta zerbitzuan izan litezkeen gorabeherak jakinaraziko ditu.
• “Zure metroa” atalean norberaren beharren arabera jaso ahal izango dituzte bezeroek jakinarazpenak eta albisteak.