Bilbo, 2015eko otsailak 13

Astelehenean, otsailak 16, 09:00etan abiatuko dira Gasteiztik Alacantera trenbide-enpresetako langileak eta "Euskal Trenbideetako Langileak Mugarik Gabe" elkarteko kideak hamargarren elkartasun-karabanako ibilgailuak gidatzen. Laguntza humanitarioa eroango dute Aljeriako Tindouf hiriko kanpalekuetako errefuxiatuentzat.

Euskal gizarteak saharar herriaren duen elkartasunaren beste adibide bat da, eta oraingoan Metro Bilbaoko, Bilboko tranbiako eta EuskoTreneko langileek parte hartuko dute. Bi trailer, hiru ardatzeko bi kamioi zurrun, mikrobus bat eta hiru noranahiko ibilgailuz osatutako konboia eramango dute Alacanteko porturaino.

Lau ibilgailu astunak Garapenerako Lankidetzako Euskal Agentziak, Euskal Fondoak eta Bizkaiko Foru Aldundiak finantzatu ditu, hainbat proiektutan erabiltzeko. Horrez gain Leioako FAES FARMAk botiken zazpi palet eman ditu Saharako Farmazia Nagusirako, Giza Eskubideen Saharako Nazioa-batzorderako ekipamendua eta Ausserdeko kanpalekuan ibilgailu astunetarako tailer mekanikoa eraikitzeko materialak ere bildu dira. Aipatu behar da, halaber, Rafa Busak emandako mikrobusean Elorrioko “Lajward”ek jasotako material informatikoa garraiatuko dela, Zestoako “Tebal”ek zuzendutako "Mohamed Salem, Pakito Nekazaritza-eskolako” emakumeen irakaskuntza-gelarako.

Noranahiko hiru ibilgailuak Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoaren Gasteizko Lagun Elkarteak eman ditu mantentze-lan mekanikoen proiektuak erabiltzen dituzten tailerretarako.

Ekimen horiekin guztiekin saharar asko bizi diren kanpalekuetan bizitza duina izan dadin lagundu nahi da.
• Metro Bilbao, Bilboko Tranbia eta EuskoTreneko boluntarioak joango dira.
• Botikak, tailer mekanikoetako materialak eta emakumeen irakaskuntzarako material informatikoa eroango dute batez ere.