Bilbo, 2017ko uztailak 10

Metro Bilbaoren Portugalete, Zazpikaleak eta Abando geltokietako sarbideak nazioarteko folklore jaialdiaren irudi zirraragarriz apaindu dira. Espazio horiek zenbait astez izango dute The Folk Faces erakusketa, Portugateleko Nazioarteko Jaialdian, zehazki 2105eko edizioan, parte hartu zuten dantza eta musikari profesionalen erretratuekin. Aurten 43. edizioa duen jaialdiak hitzordua du uztailaren 17an, 18an, 19a etan 20an Portugaleten. Elai Alai elkarteak antolatzen du kultura aniztasunaren inguruko ekitaldirako motorrak berotzeko parada paregabea da. Horrela, geltoki horietatik egunero igarotzen diren milaka pertsonek argazkiaren arteaz gozatzeko aukera izango dute, folklorea gure nortasunaren parte gisa aldarrikatu eta transmititzeko lan egiten dutenen aitortza den aldi berean.

Gaur goizean inauguratu da erakusketa Portugaleteko metro geltokian, Carlos VII ahoan, Portugaleteko alkate Mikel Torres, Jaialdiko Zuzendari Imanol Sarria, erakusketaren egile Aitor Bastida eta Metro Bilbaoko Marketin eta Komunikazio Buru Susana Palomino bertan zirela.

Asier Bastida argazkilariak atera ditu 15 paneletan banatutako 28 irudiak. Oraingoan erakusketan 2015eko edizioan parte hartu zuten Kuba, Serbia, Senegal, Zeelanda Berria eta Indonesiako taldeetako dantzari eta musikari profesionalen erretratuak jarri ditu.

Erakusketak bi bloke ditu. Lehena Portugaleteko geltokian dago, Carlos VII kaleko ahoan, uztailaren 10etik abuztuaren 18ra arte, 7 panel, 13 irudi. Bigarrena beste irudi batzuk osatzen dute. 8 panel, 15 erretratu, eta Bilbon ipini da Zazpikaleak geltokian, uztailaren 10etik 31ra egoteko. Gero handik Abando geltokira eroango da abuztuaren 1etik 18ra arte. Panelez gain, Portugaleteko geltokirako Carlos VIi sarbideko harrizko eskaileretan erretratuetako baten binilo ikusgarri bat ere ipini da.

Metro Bilbao 2009an hasi zen Portugalete hiribilduko kultura jarduerarik garrantzitsuenetako bati laguntzen. 2011, 2014, 2015eko edizioetan ere jardun zuten elkarlanean aurreko urteetako edizioetan hartutako argazkien erakusketak egiten. Gaur arte 30 herrialdetako jendea igaro da Asier Bastida leioaztarraren estudiotik. “Erakusketa honek aurrekoen diseinua mantentzen du, proiektuaren jarraipen-sentsazioa transmititzeko gogo argiaz”, ziurtatu du argazkilariak.

Erakusketak eta jaialdiak bera munduko hain herrialde ezberdinetatik datozen pertsona horiek omendu, bistaratu, ezagutarazi eta aurpegia ipintzeko bokazioa dute, folklorearen, musikaren eta dantzaren bidez beren kultura, erroak, nortasuna eta tradizioak zaindu eta sustatzen dituen jendeari gorazarre eginez.

Portugaleteko Nazioarteko Folklore Jaialdia 2017ko uztailaren 17tik 20ra.

Ezker-eskuin: Asier Bastida, Mikel Torres, Susana Palomino, Iñaki Mostajo, Imanol Sarria eta Iosune Uriarte
• Portugaleteko Nazioarteko Jaialdian parte hartu duten 28 dantzari eta musikarien erretratuak bildu dira erakusketan. 43. edizioa du jaialdiak aurten.
• Elai Alai talde antolatzailearen, Portugaleteko Udalaren eta Metro Bilbaoren ordezkariek gaur inauguratu dute erakusketa Carlos VII ahoko eskailera finkoetako binilo ikusgarri batekin batera.
• Asier Bastida argazkilaria da erakusketaren egilea.