Muntaketa gaurtik aurrera ikus daiteke Sabino Arana (Santimami) eta Areilza (Indautxu) atondoetan
Challenge Cup eta Champions Cup txapelketen finalak hartuko ditu Bilbok hil honetako 22an eta 23an
Bilbo Europako errugbiaren epizentro bihurtuko da berriro, Challenge Cup eta Champions Cup txapelketen finalekin, zeren hil honetako 22an -ostirala- eta 23an -larunbata- jokatuko baitira, hurrenez hurren, San Mamés estadioan. Metro Bilbao hiriarentzat hain berezia den ekitaldi horren partaidea izango da berriz ere.
Zehazki, metroak bat egingo du hemendik gutxira Bilbon hedatuko den jai- eta kirol-giroarekin, zeren dimentsio handiko bi errugbi-baloi jarriko baititu ekitaldiaren epizentrotik gertu dauden bi geltokitan, alegia, Santimami eta Indautxu geltokietan. Ekintzak simulatzen du bi obalak -partidetan erabiltzen den baloi ofizialaren erreplikak- kanpotik jausi direla geltokietara, instalazioetako sabaia bisualki apurtuz. Harridura-efektuak eta inpaktu bisual handiak metroa egunero erabiltzen duten pertsonen arreta erakarri nahi dute, finalak berton egingo direla azpimarratzeko.
Aurten, Europako errugbi-finalek kontinenteko klub ospetsuenetako batzuk jarriko dituzte aurrez aurre. Hala, maiatzaren 22an, ostirala, Challenge Cuparen finalean Ulster eta Montpellier lehiatuko dira; maiatzaren 23an -larunbata-, berriz, Champions Cupek europar txapelduna aukeratuko du Leinster eta Union Bordeaux Bégles -txapelketaren oraingo txapelduna- aurrez aurre jarriko dituen neurketan.
Ekintza horrekin, Metro Bilbaok indartu egiten du hiriarekin eta gure lurraldea kanporantz proiektatzen duten nazioarteko ekitaldi handiekin hartuta duen konpromisoa, finalen aurreko giroari modu sortzaile eta ikusgarrian atxikiz. Gainera, metroak bere zerbitzua egokituko du, egun horietako mugikortasun-eskari handiari erantzun ahal izateko.
Futbola, txirrindularitza, kontzertuak…
Apaingarriak kokatzea ez da ekintza isolatu bat. Aitzitik, Metro Bilbao hiriko bizitza markatzen duten horrelako gertaera handien partaide aktiboa izan ohi da; izan ere, bere irudia eta espazioak egokitzen ditu kaleetan bizi izango den giroarekin mimetizatzeko, bai kirol mailan eta bai musika edo kultura mailan. Izatez, horrela gertatu da Bilbon aurretik egindako europar finaletan, futbol-ekitaldi handietan, nazioarteko txirrindularitza-probetan edo erreferentziazko ospakizun kulturaletan, betiere hiriko esperientziaren partaide izateko helburuarekin, lurraldearen ardatz egituratzaile gisa betetzen duen funtziotik harago, batez ere hainbesteko garrantzia duten ziten aurrean.