Bilbon, 2023ko abenduaren 20an
Dena prest dago Metro Bilbaon San Tomas eguna ospatzeko. Beste behin ere, eta operatibaren ikuspuntutik, metroaren urteko erronkarik handiena bihurtuko da bihar euskal nekazaritzaren azokarik garrantzisuena. Eskakizun horrek erabateko errendimenduan funtzionatzera behartuko du, ahalik eta baliabide gehien zabalduz, eta horrek, aldi berean, bezero ugari izatea ekarriko du.
Bere flotako 46 trenetatik 39 jarriko ditu martxan bihar Metro Bilbaok. Beharrezko mantentze lanak egiteko ezinbestekoak diren unitateak bakarrik geratuko dira tailerretan. Igoera handiena, ordea, zirkulazio kopuruan izango da. Guztira, 762 eskainiko dira, ohiko lanegun bat baino %22 gehiago. Ondorioz, lanaldiaren zatirik handienean, maiztasunak bost minutukoak izango dira Ezkerraldean zein Eskuinaldean, eta bi minutu eta erdikoak Bilbo inguruan, metroak jardun dezakeen gehienekoa.
Lanaldiak, halaber, ahalegin handia eskatuko du langileen arloan. Zirkulazio kopurua nabarmen handitzeko, kasuan kasuko makinistak eduki beharko dira. Gainera, geltokietako arreta eta Aginte Toki Nagusiaren plantilla indartuko dira. Guztira, 200 pertsona baino gehiagok lan egingo dute egunean zehar operatibaren funtzionamendu egokia bermatzeko, eta horri gehitu beharko zaizkio mantentze lanen zein segurtasun eta garbiketa zerbitzuen hedapena.
Ahalegin hori bezeroen erantzunean islatuko da. San Tomas egunak ohiko lanegun baten erregistroak hobetu ohi ditu, eta urteko muga ere ezarri du hainbat alditan. Metro Bilbaoren errekor historikoa, adibidiez, 2018ko abenduaren 21ekoa da, ostirala, 408.000 balidazio baino gehiagorekin.
Operatibarekin ez ezik, Metro Bilbaok azokarekin eta euskal nekazaritzarekin oso modu berezian inplikatu nahi izan du aurten. Horretarako, egunean zehar eta BBK Fundazioarekin lankidetzan, 3.000 tapauka inguru banatuko ditu bezeroen artean, hotza saihesten laguntzeko.
Zerbitzuak Gabonetan
San Tomas gaindituta, Gabonetako zerbitzua izango da Metro Bilbaoren hurrengo erronka. Aurreko urteetan egin den antzera, Gabon eta Urtezahar gauetan, trenek 20:30ean utziko diote ibiltzeari. Bi kasuetan, zerbitzua goizaldeko 1:00etan hasiko da berriro, aisialdirako joan etorriak errazteko eta familia afarien ondoren etxera itzultzeko.
Trenen ordutegiak web orri honetan kontsultatu ahal izango dira: www.metrobilbao.eus
Metroaren operaziorako urteko egunik zorrotzenak erabilgarri dauden trenak zirkulazioan jartzea eta langile kopurua handitzea eskatuko ditu
Bi minutu eta erditik behin ibiliko dira trenak Bilbo inguruan ia egunean zehar
Enpresak 3.000 tapauka banatuko ditu bezeroen artean euskal nekazal azokarik garrantzitsuena bultzatzeko