Bilbo, 2023ko martxoak 2
Zientzia-aurrerapenek ozeanoei buruz dakiguna hobetu badute ere, ekosistema horiek sekretu asko gordetzen dituzte oraindik. Gutxien ikertu eta arakatu den eremuetako bat mesopelagikoa da, 200 eta 1.000 metro arteko sakoneran dagoena, eremu krepuskular ere esaten zaiona.
Azti zentro teknologikoak antolatu duen argazki-erakusketan, martxo osoan, itsas-ingurune ezatsegin eta iristen zailean bizi diren izaki harrigarriak ikusgai egongo dira Metro Bilbaoren Abando geltokian. Woods Hole Oceanographic Institution-ek utzitako hamabost irudiren bidez, hiriarteko trenetako bezeroek ozeanoaren sakonean ibili eta ondoen gordetako sekretu batzuk ezagutu ahal izango dituzte.
Metropelagic izenburupean, argazkiak gaurtik martxoaren amaierara arte erakutsiko dira Abando geltokian, Renfera doan korridorean, eta, ondoren, sareko beste geltoki batzuetara eroango da. Metro Bilbaok ingurumen-balioen dinamizatzailea dela berretsi nahi du erakusleiho honekin, oraingoan jakintza hedatuz.
Klima-aldaketaren erreguladoreak
Erakusketa Europako Summer egitasmoan sartzen da; gizateriak oraindik ustiatu ez duen azken baliabide basatirik handiena, arrain mesopelagikoak, ezagutzera eman nahi ditu Azti zentro teknologikoa buru duen ekimenak.
Alde batetik, mundu osoan animalia horien biomasa zenbatesteko protokoloa ezarri nahi du egitasmoak. Egin diren azken ikerlanen arabera, eremu mesopelagikoan 10.000 tona arrain-biomasa inguru daudela kalkulatzen da, hots, munduan arrantzatutako kopuru guztiak batuta baino 100 bider handiagoa. Beste alde batetik, egitasmoa ustiatze horrek dituen aukerak eta, batez ere, arriskuak aztertzen ari da.
«Pertsonek zuzenean kontsumitzeko erabiltzea aurreikusten ez den arren, besteak beste, oso arrain txikiak eta koipe askokoak direlako, eta harrapatzea oso garestia delako, baina bai erabil litezke akuikulturarako elikagai modura edo industria nutrazeutikorako eta farmazeutikorako osagai bioaktiboen iturri modura», azaldu du Raul Prellezo, AZTIko arrantza-kudeaketa iraunkorrean adituak.
Gainera, eremu mesopelagikoan dagoen biodibertsitatea funtsezkoa da ekosistema orokorraren harmoniari eta funtzionamendu egokiari eusteko, guk kontsumitzen ditugun espezie askoren, adibidez, atunen jakia direlako. Baina gakoak dira, halaber, klima-aldaketa erregulatzeari dagokionez, arrain mesopelagikoak gauez azalera igotzen baitira jatera, eta gero sakonera itzultzean milaka tona CO2 eroaten dituzte.
Summer egitasmoaren aurrekontua 6,5 milioi eurokoa da, Europar Batasunak finantzatzen du eta nazioarteko 22 ikerketa-zentro eta enpresak parte hartzen dute.
- Metro Bilbaoren Abando geltokiak Metropelagic argazki- erakusketa hartuko du martxoan, eremu mesopelagikoan 200 eta 1.000 metro arteko sakoneran bizi diren izakirik ederrenei buruz
- Erakusketa Azti zentro teknologikoak Europako Batasunak finantzatutako Summer egitasmoaren baitan sartzen da, ekosistema horretako espezieei buruzko jakintza zabaltzeko