Bilbo, 2022ko irailaren 12an

Naukas Bilbao gaztelaniaz egiten den zientzia-dibulgazioko ekitaldirik handienaren kariaz, Metro Bilbaok, Naukas dibulgazio-plataformak eta UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedrak “Naukas Bilbao 2022” argazki-erakusketa antolatu dute, aurreko edizioetako hitzaldi eta ikuskizunen unerik gogoangarrienak bilduz. Ekitaldia Bilbon egiten da 2011n antolatutako lehen edizioaz geroztik, eta etengabe haziz joan da urteen poderioz.

“Mesedez, guztiak konjugatzen joan; konjugatu, bakterioak, konjugatu!” eta “Komunikabideen munduan hurbil terminoa bitxia da. Bitxia da ezen Lurretik hainbat milioi kilometrora pasatzen den edozein gauza, Lurretik hurbil pasatzen baita” gisako aipuak tarteko, erakusketak atentzioa eman nahi die ikusleei, zientzia eguneroko bizitzara modu ulergarri eta atseginean hurbiltzeko asmoz.

Hartara, erakusketak azken urteotan Naukas Bilbaon hitzaldiak eta ikuskizunak eskaini dituzten pertsonen 9 argazki bildu ditu: Almudena M. Castro fisikari eta piano-jotzailea, Ignacio López-Goñi mikrobiologoa, Natalia Ruiz Zelmanovitch kazetari zientifikoa, Francis Villatoro zientzia konputazionaletako ikertzailea, Teresa Valdés-Solís kimikaria, Javier Armentia astrofisikaria, auzitegiko antropologian espezializatutako Susana Escudero kazetaria, Guillermo Peris kimikaria, Juan Antonio Cuesta estatistikaria eta Javier Fernández Panadero fisikaria.

Helburua Naukas Bilbaon izandako gai, eszenaratze, tonu eta mezuen aniztasuna nabarmentzea da, zientzia era guztietako pertsonengana modu atsegin, fresko eta originalean helarazteko ahaleginaren barruan.

Irudi horien ondoan, dagokien hitzalditik ateratako esaldi bat agertuko da, baita hitzaldiaren bideorako sarbidea emango duen QR kode bat ere. Horrela, klik bakar baten bidez, Metro Bilbaoren erabiltzaileek hitzaldiak oso-osorik gozatzeko aukera izango dute.

Juan Ignacio Pérez Iglesias UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren zuzendariak garrantzitsutzat jo du “zientzia espazio publikora eramatea eta, modu horretan, haren ikusgarritasuna erraztea”.

Horrela, zientziak beste kultura-adierazpen batzuenen antzeko presentzia lortuko duela nabarmendu du, ezagutza zientifikoa jendearen bizi-kalitatea hobetzeko funtsezko tresna izan dela eta dela gogora ekarriz. “Metroa, milioika pertsonaren arteko lotura izanik, erakusleiho bikaina da gure garaiko jarduerarik erabakigarrienetako bat ezagutzera emateko: ikerketa eta ezagutza zientifikoaren erabilera gizartearen mesedetan”, gaineratu du.

Bestalde, Eneko Arruebarrena Metro Bilbaoko zuzendari kudeatzaileak beren-beregi azpimarratu du zientziak egungo gizartean duen “eginkizun gero eta erabakigarriagoa”, eta horren harira argi utzi du, Naukasena bezalako erakusketek “metroa, pertsonen garraiobidetzat ez ezik, ezaguerak transmititzeko plataforma paregabetzat ikustera ere gonbidatzen dutela”.

Erakusketa gaur inauguratu eta irailaren 30era arte egongo da ikusgai Metro Bilbaoren Moyuako geltokian, Ercilla/Elkanoko sarreran, Bilbo Zientzia Plaza deritzon ekimenaren barruan, izan ere, hilabete erdiz, erakusketak, hitzaldi zientifikoak, bisita gidatuak, umorezko bakarrizketa zientifikoak eta gazteentzako jarduera espezifikoak tartekatuz, jarduera-programa honek Bilbo zientziaz blai utziko du.

field_imagen_press
Presentación exposición Naukas en Moyua
Resumen
  • Zientzia eguneroko bizitzara hurbiltzea xede duen ‘Naukas Bilbao 2022’ argazki erakusketa egongo da ikusgai irailaren 30era arte Metro Bilbaoren Moyuako geltokian, Ercilla/Elcanoko sarbidean.

  • Bederatzi irudiren bitartez, gaztelaniaz egiten den zientziadibulgazioko ekitaldirik handienean izandako hitzaldirik garrantzitsuenetako batzuen errepasoa egiten du erakusketak.

  • Irudi bakoitzaren ondoan, hitzaldi horren aipu bat eta QR kode bat daude, hitzaldi osora sartu ahal izateko.

Fecha de publicación (deprecated)
Fecha de publicación